Vingegaardek irabazi du Le Lioranen, Pogacar esprintean menderatuta, Erdialdeko Mendiguneko etapa ikusgarrian
Visma Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarrak 2024ko Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa irabazi du, Le Lioranen, Erdialdeko Mendigunean, txirrindularitzako egun ikusgarrian. Sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du; UAEko esloveniarrak Vingegaardekin izan du jokoan garaipena, eta bigarren postua erdietsi du etapan.
Zaleen aurreikuspena zen Erdialdeko Mendiguneko etapak ikuskizuna ekar zezakeela, eta txirrindulariek emandakoak erabat bete du itxaropen hori. Sailkapen nagusiko aurreneko lau gizonek lehia bizia izan dute, eta denak maila bikaina eman. Puy Maryn hasi da guztia, alegia, eguneko 1. mailako mendatean; han, Ben Healy eta Oier Lazkano harrapatuta (biak ala biak etapako ihesaldian izan dira), Tadej Pogacarrek aurrera egin du, ohikoak dituen eraso gogor horietako bat eginda. Gainean, segundo batzuetako aldea zuen Vingegaardekiko, eta Roglic eta Evenepoel apur bat atzerago zebiltzan. Jaitsieran, Galibierren ere jazo zenez, esloveniarrak handitu egin du, pixka bat bada ere, aldea. Primoz Roglic Vingegaarden parean jarri da.
Dena dela, Vismako danimarkarra, Roglic atzean utzita, Pogacarri gerturatzen hasi zaio. UAEko liderrak minutu erdia zuen bere alde, baina laster gelditu dira Tourreko azken bi txapeldunak batera lasterketa buruan; Evenepoel eta Roglic zihoazen atzetik, elkarrekin horiek ere. Etapako amaierara arte, bi bikoteen arteko aldea 40 bat segundokoa izan da; argi zegoen, hortaz, garaipena lasterketa buruko bien artean jokatu behar zutela.
Bazirudien Pogacar zela faboritoa esprintean, kontuan izanik Vingegaardek baino abiadura handiagoa duela, baina Vismakoa bikain aritu da, eta meritu handiko garaipena eskuratu du. Oso esanguratsua izan da, gainera: Euskal Herriko Itzulian eroriko larria izan zuenetik, aurrenekoz gailendu da danimarkarra. Vingegaardek, horrez gain, berretsi egin du sasoi betean dabilela, eta Tourra berriro ere eskuratzeko borrokan sartzeko prest dagoela.
Euskal txirrindularientzat, egun oso zaila izan da. Nabarmentzeko modukoa da, beste behin, Mikel Landak egindako lan bikaina, murgiarra sailkapen nagusiko zazpigarren postura igo baita, eta zein ondo ibili den Oier Lazkano: gasteiztarra lasterketa buruan izan da, lasterketako gizonik indartsuenek aurrera egin baino lehen. Jon Izagirrek Tourra utzi behar izan du, eta Pello Bilbaok 38 minutu galdu ditu. Bizkaitarra, sailkapen nagusian, 35. postuan dabil.
Erdialdeko Mendigunean izandako etapa eder honen ostean, ostegunean 2024ko Frantziako Tourreko hamabigarren etapa jokatuko dute. Lasterketa Aurillacen hasi eta Villeneuve-Sur-Loten amaituko da, eta 203,6 kilometroko ibilbidea izango du. Hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, 4. mailakoak hirurak; baliteke esprintak erabakitzea nor den irabazlea, edo ihesaldia garaipena lehiatzeko aukerak dituela helmugaratzea.
Etapako sailkapena
1 - VINGEGAARD Jonas (Visma) 4:58:00
2 - POGACAR Tadej (UAE) d. b.
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 0:25
4 - ROGLIC Primoz d. b.
5 - CICCONE Giulio (Lidl) + 1:47
6 - ALMEIDA Joao (UAE) + 1:49
7 - YATES Adam (UAE) d. b.
8 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.
9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 1:55
10 - GALL Felix (Decathlon) + 2:38
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 45:00:34
2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 1:06
3 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 1:14
4 - ROGLIC Primoz + 2:15
5 - ALMEIDA Joao (UAE) + 4:20
6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 4:40
7 - LANDA Mikel (Soudal) + 5:38
8 - YATES Adam (UAE) + 6:59
9 - AYUSO Juan (UAE) + 7:09
10 - CICCONE Giulio (Lidl) + 7:36
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek, Niewiadomak eta Longo Borghinik osatu dute Frantziako Tourreko podiuma
Azken etapa erakustaldi batekin bereganatu ostean, Demi Vollering (FDJ) herbeheretarra Frantziako Tourreko podiumaren gorenera igo da, Kasia Niewiadoma (CANYON) poloniarra igo da bigarrenera, eta Elisa Longo Borghini (UAE) italiarra, berriz, hirugarrenera. Bestalde, gazte onena Antonia Niedermaier (CANYON) alemaniarra izan da, mendiko maillota Puck Pieterse (Fenix) herbeheretarrak irabazi du eta Lorena Wiebes (SD Worx) herbeheretarrak jantzi du puntuen maillota.
Demi Volleringek Tourreko garaipena ziurtatu du azken etapa irabazita
FDJ-SUEZ taldeko txirrindulari herbeheretarrak bere indarra erakutsi du Col d'Èzeko azken igoeran, 9. etapa irabazi eta Frantziako Tourra erabakita uzteko, azkenean sailkapen nagusian bigarren sailkatu den Kasia Niewiadomaren (Canyon) aurretik. Elisa Longo Borghinik (UAE) osatu du podiuma, Marlen Reusser (Movistar) suitzarraren erorikoa baliatuta.
Volleringen erasoa eta Tourreko 9. etapako azken metroak
Demi Vollering (FDJ) herbeheretarrak irabazi du 2026ko Frantziako Tourra. Helmugarako 16 kilometroren faltan jo du erasoa, Kasia Niewiadoma (CANYON) aurkari zuzena atzean utzita. Ikusi hemen erasoa eta etapako azken metroak.
Volleringi Tourreko 8. etapan garaipena eman dion erasoa
Eguneko azken mendatea gainditu ostean, Demi Volleringek erasora jo du, garaipenaren bila. Longo Borghini eta Niewiadoma haren atzetik abiatu dira, baina ezin izan diote herbeheretarraren erritmoari eutsi eta amore eman behar izan dute. Vollering bakarrik sartu da helmugan, eta maillot horia eskuratu du.
Volleringek Tourra astindu du, maillot horia eman dion bakarkako garaipenarekin
Demi Volleringek igoera laburra baina oso gogorra aukeratu du eraso egiteko, inongo mailarik ez zuena.
Kasia Niewiadoma nagusitu da Mont Ventouxen, eta elastiko horia jantzi du
Canyon taldeko txirrindulari poloniarrak, 2024ko Tourreko irabazleak, erasoa jo du helmugatik 10 kilometrora, Marlen Reusser suitzarrari (Movistar) lidergoa kentzeko.
Frantziako Tourreko 7. etapako une garrantzitsuenak
Emakumezkoen Frantziako Tourreko zazpigarren etapak une garrantzitsuak utzi ditu lasterketarako, batez ere sailkapen nagusiari begira. Niewiadomak ikuskizuna eman du horiz janzteko, eta Volleringek irabazi du Reusserren aurkako duelua.
Kim Le Court-Pienaar, azkarrena zortzi txirrindulariren arteko esprintean, Tournon-sur-Rhonen
Maurizioko txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko seigarren etapa, 153,4 kilometrokoa, Montbrison eta Tournon-sur-Rhone artean jokatu dena. Bestalde, sailkapen nagsuiko faboritoak indarrak gordetzen saiatu dira, ostiral honetan Mont Ventoux igotzeko.
Le Court-Pienaarrek garaipena lapurtu dio iheslari talde bati Tournon-sur-Rhonen, eta Reusserrek horiz jantzita jarraitzen du
Maurizioko txirrindularia beste zazpi txirrindulariri nagusitu zaie esprintean. Marlen Reusserrek lider jarraitzen du, Demi Volleringen erasoei eutsi ostean.
Motor batek Noemi Ruegg jo du Durbizeko igoeran, eta bizikletatik bota du
Txirrindulari suitzarra (EF) lurrera joan da, Frantziako Tourreko bosgarren etapako azkenaurreko mendatean gailurra egiteko metro gutxiren faltan, motor batek jo baitu. Zorionez, talka aldapa gora gertatu da, abiadura txikian, eta txirrindulariak lasterketan jarraitu ahal izan du arazo handirik gabe.