FITXAKETA BERRIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ander Okamika, Euskaltel-Euskadiren bosgarren fitxaketa

Lekeitioko txirrindulariak denboraldi baterako sinatu du, azken seiak Burgos BH taldean eman ondoren, eta 2027an esperientzia ekartzeko asmoz iritsi da talde laranjara.

Ander Okamika, Euskaltel-Euskadiren fitxaketa berria.
Ander Okamika Burgos BHrekin lasterketa batean. Argazkia: Euskadi Fundazioa.

Euskaltel-Euskadik ofizial egin du Ander Okamikaren fitxaketa 2027ko denboraldirako. Lekeitioko txirrindulariak urtebeterako sinatu du eta Burgos BH taldetik dator, sei denboraldiz aritu den taldetik.

Okamika sendotasuna eta esperientzia emateko asmoz iritsi da euskal taldera, "Vueltako hiru ekitaldi lehiatu" ondoren, adierazi dute Euskadi Fundaziotik. "Eliteko triatloitik etorria, Espainiako txapeldun izatera iritsi zen. 2020an txirrindularitzara eman zuen urratsa, agerraldi bikainarekin, erlojupeko Espainiako txapeldun eta ordekako txapeldunorde elite mailan, hain zuzen ere", gehitu dute.

Bestalde, Ander Okamikak esan duenez, "Euskaltel-Euskadi taldearekin sinatzeak ilusio berezia egiten dit etxeko proiektu da-eta: alde batetik, talde honetan lehiatzeko aukera izateagatik; bestetik, jende ezagunarekin taldea partekatzeko aukera izateagatik. Eta Mikelen (Landa) itzulerak ilusio asko piztu ditu. Horrek guztiak itxaropen handia helarazi du taldearen inguruan datorren urteari begira. Pertsonalki, urte gogorra izaten ari da lesio batengatik. Baina talde proiektu honek egunero lanean jarraitzeko gogoa ematen dit. Hori dela-eta, datorren urtean nire maila onena lortzea espero dut".

Okamikak eroriko bat izan zuen Itzulian, eta horrek belaunetako batean kalteak eragin zizkion. Gaur egun gaitz hori sendatzeko azken fasean dago. Lekeitioko txirrindulariarena Euskaltel-Euskadoren bosgarren fitxaketa da 2027ko denboraldirako, Mikel Landa, Marco Martín, Hodei Muñoz eta Felipe Orts fitxatu ondoren.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X