Jonathan Lastrak Euskaltel-Euskadi taldean jarraituko du 2028ra arte
Horrela, 2026an talde laranjara iritsi ondoren, bi aldeek beste bi urterako kontratua sinatu dute. Bizkaitarrak 11 denboraldi daramatza profesional bezala, 2016tik, eta ibilbide horretan bost Vuelta eta bi Giro korritu ditu.
Jonathan Lastra txirrindularia, aurkezpen batean. Argazkia: Euskadi Fundazioa
Jonathan Lastrak (1993, Bilbo) Euskaltel-Euskadiri lotuta jarraituko du datozen bi denboraldietan, 2027an eta 2028an, talde laranjak ohar batean iragarri duenez.
Horrela, 2026an Euskaltel-Euskadira iritsi ondoren, beste bi aldeek bi urterako kontratua sinatu dute. Txirrindulari bizkaitarrak 11 denboraldi daramatza profesionaletan, 2016tik. Ibilbide horretan, Espainiako bost Vuelta eta Italiako bi Giro korritu ditu.
"Oso pozik nago beste bi denboraldirako kontratuagatik. Iaz konfiantza izan zuten nigan, eta, iritsi nintzenetik, etxean bezala sentitu naiz. Behar nuen aldaketa zen, eta hasiera-hasieratik argi izan nuen hemen jarraitu nahi nuela", nabarmendu du txirrindulari bilbotarrak.
Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak azpimrratu duenez, "txirrindulari langilea eta lehiakorra da, baina, batez ere, erreferente bat da txirrindulari gazteenentzat, hazten jarraitzeko gidari ezin hobea da".
Jon Agirrek, Xabier Berasategik eta Gotzon Martinek ere kontratua berritu dute talde laranjarekin. Halaber, taldeak Mikel Landa, Marco Martin, Hodei Muñoz eta Felipe Ortsen fitxaketak iragarri ditu, eta Yago Agirre, Samuel Fernandez, Iker Mintegi, Gari Ugarte eta Axel van der Tuukek hurrengo denboraldirako kontratua indarrean dute.