Mikel Landa Soudal Quick-Step taldeko liderra izango da bere hamargarren Vueltan
Horrela, arabarrak hamargarren aldiz korrituko du Espainiako Vuelta, kasu honetan Soudal Quick-Step taldeko lider gisa. Hala ere, Filippo Zana italiarra eta Valentin Paret-Peintre frantziarra dira sailkapen nagusirako taldearen beste aukerak.
Mikel Landa txirrindulari murgiarra. Artxiboko argazkia.
Mikel Landa murgiarrak hamargarren aldiz korrituko du Espainiako Vuelta, kasu honetan Soudal Quick-Step taldeko lider bezala. Hala ere, Filippo Zana italiarra eta Valentin Paret-Peintre frantziarra dira sailkapen nagusirako taldearen beste aukerak.
Taldeak baieztatu duenez, Landak Steff Cras eta Fabio Van den Bossch belgikarrak, Alberto Dainese eta Gianmarco Garofoli italiarrak eta Ethan Hayter ingelesa ere izango ditu lagun.
Arabarrak, 2015ean Vueltan etapa bat irabazi ondoren, Kataluniako Voltako sailkapen nagusian hamabosgarren postua du denboraldi honetako emaitzarik onena, baina teorian prestaketa ona egin du Monakoko irteerara behar bezala iristeko.
"Mikelek eskarmentu handia du eta motibazio handiarekin dator bere balioa erakusteko, baina Valentinek ere zerbait berezia egin dezake, batez ere Frantziako Tourrean egindako lan bikainaren ondoren. Talde sendoa da Vueltara daramaguna, eta lasterketa izugarri gogor honen hurrengo hiru asteetan erakustea espero dugu", esan du Sep Vanmarcke taldeko kirol zuzendariak.
Vanmarckek azpimarratu duenez, "etapa garaipenen bila borrokatzea" eta "itzuli handietan orain arte lortutako garaipen boladarekin" jarraitzea espero dute, "Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean garaipen ugari bildu ostean".