Bilbao Basketek bolada onari eutsi dio Miribillan
Bilbao Basketek bolada onari eutsi dio Miribillan eta Assignia Manresa hartu du mendean (83-63). Fotis Katsikarisen jokalariek garaipen garrantzitsua lortu eta Errege Koparako sailkatzeko aurrerapausoa eman dute.
Bilbao Basketek oso bizi hasi du norgehiagoka eta neurketa laster bideratu behar zuela ematen zuen. Baina bizkaitarrek 0-9ko partziala jaso dute lehen laurdeneko azken minutuetan eta markagailua estutu du Manresak (19-16).
Bigarren laurdena lehenengo partzialaren oso antzekoa izan da. Bilbotarrak markagailuan alde egin behar zutela ematen zuen, baina Kataluniako taldea berriz suspertu da neurketa haustea eragozteko (43-35).
Atsedenaldiaren ostean Fotis Katsikarisen jokalariek jokorik onena egin dute norgehiagoka hausteko. Oraingoan bai lortu dute, hirugarren laurden handia jokatu eta neurketa hautsi dute (67-50).
Azken laurdenean neurketak erritmoa galdu du, ordurako dena erabakita zegoelako.
Fitxa teknikoa:
Bilbao Basket (19+24+24+16): Zisis (-), Vasileiadis (12), Mumbru (7), Hervelle (13) eta Hamilton (8) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (8), Grimau (8), Moerman (13), Rakovic (6) eta Pilepic (8).
Assignia Manresa (14+21+15+13): Hanga (2), DeVries (23), Palsson (2), Ramsdell (10) eta Asselin (12) -hasierako bostekoa-; Alex Hernandez (-), Arco (5), Laviña (-), Yanev (6) eta Arteaga (3).