Euroliga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kosner Baskoniak argi galdu du Parisen aurka (81-97), eta bolada txarrean jarraitzen du Euroligan

Euskal taldeak bost partida daramatza garaipenik lortu ezinik nazioarteko txapelketan. Paris Basketballen kontrakoan, Galbiatiren gizonak lehen laurdenetik izan dira atzetik markagailuan, eta Frantziako taldeak bigarren laurdenean hautsi du neurketa.

Gytis Radzevicius eta Justin Robinson (Baskonia vs Paris)

Radzeviciusek hiru puntu sartu ditu, norgehiagokan: EFE.

Kosner Baskoniak Paris Basketballen aurka galdu du, 81-97, 2025-2026 denboraldiko Euroligako hogeita hamargarren jardunaldian, Buesa Arenan, ostiral gauean. Hala, euskal taldeak bederatzi partida irabazita jarraitzen du nazioarteko txapelketan, eta azken bost partidak galdu ditu horretan; behin-behinean, Galbiatiren gizonak sailkapeneko hemeretzigarren postuan dabiltza.

Paris Baskonia baino gehiago izan da neurketako lehen hogei minutuetan, askoz gehiago ere. Frantziako taldeak, atsedenaldian, 21 puntuko aldea zuen, bigarren laurdena amaitu denean 37-58 irabazten ari baitzen. Francesco Tabelliniren taldea ondo aritu da hiru puntuko jaurtiketetan, eta, horrez gain, Kosker Baskoniak ez du batere asmatu defentsan; hala, markagailuan abantaila handia zuen Parisek, partidako lehen zatia jokatuta.

Hirugarren laurdenean, egoerak ez du hobera egin, Baskoniarentzat, eta Paolo Galbiatiren gizonek ezin izan dute estutu Paris Basketball taldea. Buesa Arenako zaleek ez zuten gozatzerik duela bi aste Errege Kopa modu bikainean irabazi zuen taldeaz; alderantziz, Baskoniak ez du lortu jokoari jarraikortasuna ematea, ematen zuen Gasteizko taldeari indarra falta zitzaiola aurkariari mina egin ahal izateko.

Azken hamar minutuetan, partida ildo beretik joan da; hori bai, Baskonia ahalegindu da, eta Parisekiko hamabi puntura ere jarri da, 78-90ekoan, baina ezin izan du gehiago gerturatu. Hala, talde bisitaria guztiz merezita gailendu da, eta Baskoniak, horrenbestez, igandea du jomugan, egun horretan Lleida jasoko baitu, Endesa Ligan orain.

Fitxa teknikoa

81 – Kosner Baskonia (20+17+23+21): Simmons (12), Forrest (4),  Radzevicius (3), Omoruyi (17) eta Diakite (11) -hasierako bostekoa-, Howard (2), Nowell (6), Villar (-), Luwawu-Cabarrot (13), Joksimovic (-) eta Frisch (13).

97 - Paris Basketball (24+34+26+13): Robinson (19), Rhoden (16), Herrera (6), Cavaliere (-) eta Dokossi (2) -hasierako bostekoa-, Hifi (21), Hommes (6), Ouattara (3), Morgan (5), Stevens (11), Faye (2) eta Willis (6).

Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Gytis Vilius (Lituania), Milos Koljensic (Montenegro).

Nabarmentzekoa: 8.099 zale izan dira Buesa Arenan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X