Kosner Baskoniak argi galdu du Parisen aurka (81-97), eta bolada txarrean jarraitzen du Euroligan
Euskal taldeak bost partida daramatza garaipenik lortu ezinik nazioarteko txapelketan. Paris Basketballen kontrakoan, Galbiatiren gizonak lehen laurdenetik izan dira atzetik markagailuan, eta Frantziako taldeak bigarren laurdenean hautsi du neurketa.
Radzeviciusek 3 puntu sartu ditu norgehiagokan. Argazkia: EFE
Kosner Baskoniak Paris Basketballen aurka galdu du, 81-97, 2025-2026 denboraldiko Euroligako 30. jardunaldian, Buesa Arenan, ostiral gauean. Hala, euskal taldeak 9 partida irabazita jarraitzen du nazioarteko txapelketan, eta azken 5 partidak jarraian galdu ditu. Ondorioz, behin-behinean, Galbiatiren gizonak sailkapeneko 9. postuan daude orain.
Paris Baskonia baino gehiago izan da neurketako lehen hogei minutuetan, askoz gehiago ere. Frantziako taldeak, atsedenaldian, 21 puntuko aldea zuen, bigarren laurdena amaitu denean 37-58 irabazten ari baitzen. Francesco Tabelliniren taldea ondo aritu da 3 puntuko jaurtiketetan, eta, gainera, Kosker Baskoniak ez du batere asmatu defentsan; hala, markagailuan abantaila handia zuen Parisek, partidako lehen erdiaren amaieran.
Hirugarren laurdenean, egoerak ez du hobera egin Baskoniarentzat, eta Paolo Galbiatiren gizonek ezin izan dute estutu Paris Basketball taldea. Buesa Arenako zaleek ez dute gozatu duela bi aste Errege Kopa bikain irabazi zuen taldearekin; alderantziz, Baskoniak ez du lortu jokoari jarraitutasuna ematea, eta Gasteizko taldeari indarra falta izan zaio aurkariari mina egiteko.
Azken hamar minutuetan, partidak ildo beretik jarraitu du, Baskonia ahalegindu da, eta 12 puntura ere jarri da (78-90), baina ezin izan du gehiago gerturatu. Hala, talde bisitaria guztiz merezita gailendu da, eta Baskoniak, horrenbestez, igandea du jomugan, egun horretan Lleida jasoko baitu, Endesa Ligan.
Fitxa teknikoa
81 – Kosner Baskonia (20+17+23+21): Simmons (12), Forrest (4), Radzevicius (3), Omoruyi (17) eta Diakite (11); Howard (2), Nowell (6), Villar (-), Luwawu-Cabarrot (13), Joksimovic (-) eta Frisch (13).
97 - Paris Basketball (24+34+26+13): Robinson (19), Rhoden (16), Herrera (6), Cavaliere (-) eta Dokossi (2); Hifi (21), Hommes (6), Ouattara (3), Morgan (5), Stevens (11), Faye (2) eta Willis (6).
Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Gytis Vilius (Lituania), Milos Koljensic (Montenegro).
Nabarmentzekoa: 8.099 zale izan dira Buesa Arenan.
Zure interesekoa izan daiteke
Kenneth Faried pibota Kosner Baskoniako lesionatuen zerrendan sartu da
Ez da sarrerarik salduko Baskonia eta Hapoel Tel Aviven arteko partidarako
Azken laurdenean hondoratu, eta Partizanen aurka galdu du Baskoniak
Kosner Baskoniak Kenan Kamenjas bosniarra ekarri du barneko jokoa indartzeko
Rolands Smitsek Kosner Baskoniaren barneko jokoa sendotuko du 2026-2027 denboraldiko amaierara arte
Perasovicek espero du laster “pibot on bat" ekartzea
Kosner Baskoniak garaipena lortu du Barris Norden azken txanpan (93-98)