Miller-McIntyrek azken segundoan eman dio Baskoniari garaipena Olympiakosen aurka, Pireon (74-75)
Baskoniak Olympiakos menderatu du, 74-75, Pireon, Bakearen eta Adiskidetasunaren Estadioan, ostegunean, 2023-24 denboraldiko Euroligako fase erregularreko zazpigarren jardunaldian. Codi Miller-McIntyrek azken segundoan sartutako saskiratze batek eman dio garaipena Gasteizko taldeari. Dusko Ivanovicen gizonek 15 puntuko aldea zuten atsedenaldian, 35-50, baina etxekoek, bigarren zatian, markagailua irauli dute, eta aurretik iritsi dira azken segundoetara; Codi Miller-McIntyrek, baina, saskiratze bikaina lortuta, garaipena bermatu du.
Garaipen hau Baskoniak Euroligan jarraian lortutako bigarrena da, eta balio handia du. Egungo txapeldunordearen kantxan erdietsi dute Arabako taldeko jokalariek, eta behin-behinean sailkapeneko hamargarren postuan kokatu dira, hiru partida irabazita eta lau galduta. Konfiantza eman behar dio taldeari, are gehiago ikusita nola gauzatu den. Urria hilabete zaila izan da Baskoniarentzat, baina Ivanovicen gizonek burua altxatu nahi dute, eta buru-belarri ari dira lanean horretarako.
Baskonia ez da ondo sartu partidara, eta Olympiakosek, lehen laurdenean, hamaika puntuko aldea ere izan du, 13-2koan eta 20-9koan; Ivanovicen gizonak, baina, suspertu egin dira, eta, aurreneko hamar minutuak jokatuta, sei puntu zihoazen atzetik, desabantaila apur bat murriztuta. Ematen zuen Gasteizko taldea gero eta hobeto zebilela, eta bigarren laurdenean guztiz gauzatu da inpresio hori: Baskoniak segituan berdindu du (26-26), aurretik ipini da jarraian eta gerora, atsedenaldira arte, erakustaldia eman du. 32-50ekoan, 18 puntuko abantaila izan du Arabako taldeak.
Partziala, orduan, 6-30ekoa zen, bigarren laurdenean; Pireoko taldeak hirukoa sartu du azkenean, eta markagailua 35-50ekoa zen atsedenaldian, hau da, erabat baikorrak izateko moduko emaitza zuen Baskoniak. Chima Monekek, hamaika puntu sartuta, Ivanovicen taldeko onena izan da erasoan lehen hogei minutuetan, eta Tadas Sedekerskis ere bikain ibili da, zortzi puntu egin eta zortzi errebote hartuta.
Hirugarren laurdenean, Olympiakosek gora egin du, 25-17ko partziala erdietsita; horrela, Baskoniak zazpi puntuko aldea zuen azken laurdena jokatu baino lehen (emaitza 60-67koa zen orduan). Isaiah Canaan, 21 puntu eginda, eta Alec Peters, 19 puntu sartuta, ziren etxekoen mehatxu nagusiak; zaleek babestuta, markagailua estutu dute Georgios Bartzokasen gizonek. Baskoniak, baina, alde zuen emaitza, eta garaipena eskuratzeko aukera polita zuen.
Urduritasuna eta tentsioa izan dira nagusi partidako azken tartean. Baskoniak ahalegin handia egin behar izan du ordura arte egindako lanari merezitako etekina ateratzeko. Bartzokasen gizonek gogor jarraitu dute, eta goitik jarri dira, 72-71koan, amaierarako bi minutu eta erdi gelditzen zirela. Monekek 72-73koa ipini du, eta Matt Costelloren tapoi batek egoera onean utzi du Baskonia minutu bat geratzen zela, baina Greziako taldeak, 74-73koa sartuta, eskura zuen garaipena. Orduan, jokatzeko soilik zazpi hamarren zeudela, Miller-McIntyrek partida erabaki duen jaurtiketa sinatu du.
Fitxa teknikoa
74 – Olympiakos (26+9+25+14): Walkup (-), Canaan (23), Papanikolaou (6), Peters (22) eta Fall (10) -hasierako taldea-, Williams-Goss (4), Lountzis (-), Larentzakis (7), Brazdeikis (2) eta Milutinov (-).
75 - Baskonia (20+30+17+8): Miller-McIntyre (4), Howard (11), Raieste (2), Sedekerskis (12) eta Costello (7) -hasierako taldea-, Chiozza (5), Kotsar (4), Marinkovic (10) eta Moneke (20).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Jakub Zamojski (Polonia) eta Kristaps Kostantinovs (Letonia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakizunak: Euroligako zazpigarren jardunaldiko partida, Pireoko Bakearen eta Adiskidetasunaren Estadioan. 8.127 ikusle izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Kosner Baskoniak sendo jarraitzen du Virtusi irabazita (72-82)
Gasteizko taldeak bigarren garaipena lortu du etxetik kanpo, minutu askotan nagusi izan den partidan.
Kosner Baskoniak Makabiri irabazi dio, ateak itxita (101-98)
Baskoniarrek hirugarren laurden bikaina egin dute, eta partidan funtsezkoa izan den 40-19ko partziala sartu diote Israelgo taldeari.
Baskoniak laugarren garaipena jarraian lortu du Ligan, Baxi Manresa menderatuta (83-88)
Kosner Baskoniak bolada onean jarraitzen du, laugarren garaipena jarraian lortu baitu Endesa Ligan. Gasteizko taldeak Baxi Manresa garaitu du Nou Congosten, 83-88. 2-11ko partzialak eta Timothe Luwawu-Cabarrotek (27 puntu) eta Trent Forrestek (20 puntu) egindako lanak Baskoniaren alde jarri dute partida. Arabako taldeak 18 partida irabazi eta 7 galdu ditu orain arte.
Baskoniak berriro irabazi dio Real Madrili (98-96)
Gasteizko taldeak bere izaera berreskuratu du eta zuriak kolpatu ditu, duela bi hilabete Errege Kopako finalean bezala.
Kosner Baskoniak Casademont Zaragoza jipoitu eta sailkapeneko hirugarren postua eskuratu du (115-88)
Neurketa arabarren alde jarri da lehen minutuetatik, eta 38 puntuko errenta ere izan dute. Talde gasteiztarrak UCAM Murtzia 17 garaipenekin berdindu du sailkapenean. Aragoiko taldeak, aldiz, garaipen bakarreko aldea du jaitsiera postuekiko.
Kosner Baskoniak Andorrari irabazi dio, Forrest eta Luwawu-Cabarroten joko bikainarekin (79-88)
Kosner Baskoniak 79-88 garaitu egin du MoraBanc Andorra, Endesa Ligako 24. jardunaldian, Trent Forrestek (21 puntu) eta Luwawu-Cabarrotek (20 puntu) partida bikaina egin dutelarik. Hala, bolada onean jarraitzen du Ligan, eta laugarren postuari sendo heltzen ari zaio.
Kosner Baskoniak hobekuntza berretsi du Hapoel Tel Aviven aurka (118-109)
Gainera, errekorra jarri dute Euroligan, lehen zatian lortutako puntuen marka hobetuta (67-64).
Kosner Baskoniak Hapoel Tel Aviv jasoko du ostiralean, ateak itxita, Euroligan
Talde gasteiztarra txapelketan daukan zortzi porroteko aldi txarrari amaiera ematen saiatuko da, sailkapenaren bosgarren postuan dagoen taldearen aurka. Partida 20:30ean hasiko da.
Chima Monekek Kosner Baskonia geldiarazi du luzapenean (100-108)
Baskoniako jokalari ohiak neurketa bikaina jokatu du Buesa Arenan. Bere itzuleran, Nigeriako hegal-pibotak txalo baino txistu gehiago entzun behar ditu Gasteizen.
Kosner Baskoniak garaipenaren bidera itzuli nahi du Euroligan, Izar Gorriaren aurka, asteazkenean
Paolo Galbiatiren taldeak Europako txapelketako azkeneko zazpi partidak galdu ditu, eta sailkapenaren bederatzigarren postuan dagoen talde baten aurka jokatuko du. Partida Buesa Arenan jokatuko da, asteazken honetan, 20:30etik aurrera.