Kosner Baskoniak sendo jarraitzen du Virtusi irabazita (72-82)
Kosner Baskoniak sendo jarraitzen du Euroligan, eta Virtus Bolonia menderatu du ostiral honetan (72-82), etxetik kanpo bigarren garaipena lortuta, minutu askotan nagusi izan den partidan.
Lehen saskiratzea bi minutu baino gehiago igaro ondoren heldu da, baina Baskoniak 2-15eko partziala lortu du gero hasierako minutuetan, batez ere Eugene Omoruyi nabarmenduta.
Virtusen bost baloi galtzek eta jaurtiketen aukeraketa kaskarrak funtsezkoak izan dira lehen laurdena 21-28 amaitzeko.
Eugene Omoruyik gidatu du Gasteizko jokalarien jokoa bigarren laurdenean, baina Virtus aldea murrizten hasi da Derrick Alston eta Daniel Hacketten bidez, eta buelta eman dio markagailuari: 37-35. Markus Howarden 5 puntuk, baina, arnasa eman diote Baskoniari, eta aurretik joan da atsedenaldira, 39-44.
Italiako taldeko saskiratzaile onenak 3. falta pertsonala egin ostean, eta Paolo Galbiatiren taldeko defentsa lanari esker, Baskoniak aurretik jarraitu du partida amaitzeko 10 minuturen faltan: 53-57.
Azken laurdenean, Baskonia hobeto hasi da, arnasa hartu du eta aldeari eutsi dio. Etxeko taldea, berriz, epaileen erabakiekin gero eta haserreago agertu da, eta 2 teknika jaso ditu.
Tim Luwawu-Cabarroten eta Clement Frischen 2 hirukok zuloa ireki dute, nahiz eta Carsen Edwardsek bere taldea bizkarrean eraman nahi izan duen.
Kosner Baskoniak kontrolpean izan du partidaren amaiera, eta 10 puntuko aldea aterata nagusitu da azkenean: 72-82.