Euroligako taldeek ez dute NBAren eskaintza aintzat hartu, eta frankizia bihurtzea erabaki dute
NBAk Europan lehiaketa bateratua antolatzeko egindako proposamena oraingoz ez dute onartu, baina ez dute baztertu etorkizunean akordio bat ixtea. Euroligaren jabeek ezezkoa eman ondoren, AEBko ligak kontraeskaintza egitea espero da.
Euroligako agintariak, tartean Josean Querejeta, Cernobbion, Comoko lakuaren ondoan (Italia). Argazkia: EFE
Euroligako talde gehienak, tartean Kosner Baskonia, Comoko lakuan (Italia) bildu dira astearte honetan, eta erabaki dute oraingoz uko egingo diote NBAk Europan lehiaketa berri bat elkarrekin antolatzeko egindako eskaintzari, EFE agentziak negoziazioaren gertuko iturrien bidez jakin duenaren arabera.
Hori adostu dute Europako txapelketaren jabe diren kluben ordezkariek (Anadolu Efes Istanbul, Kosner Baskonia, CSKA Mosku, Armani Olimpia Milan, FC Bartzelona, FC Bayern Munich, Fenerbahçe, LDLC ASVEL Villeurbanne, Makabi Tel Aviv, Olympiakos, Panathinaikos, Real Madril eta Zalgiris Kaunas). Bileran erabaki dute aurrera jarraitzea egungo 10 urteko lizentziak frankizia bihurtzeko prozesuarekin, 13 klub akziodunentzat.
Kluben jabeek Zuzendaritza Batzordea izendatu dute prozesuarekin jarraitzeko, eta hurrengo asteetan onartu beharreko azken ebazpena aurkezteko.
Egoeraren berri dakiten duten hainbat iturrik EFEri azaldu diotenaren arabera, ez dute aintzat hartu NBAk Europan lehiaketa bateratu bat antolatzeko egindako proposamena, baina ez dute baztertu etorkizunean akordioren bat ixtea.
Horrela, NBAren lehen eskaintzaren ondoren eta Euroligako jabeek ezezkoa eman ondoren, AEBko ligak kontraeskaintza egitea espero da, negoziaziatzen jarraitzeko.
Batzarrean jorratutako gaietako bat, txapelketaren etorkizunarekin eta AEBko ligak proiektu horretan parte hartzeko duen interesarekin lotuta dagoena, hamar urteko lizentziak frankizia bihurtzea eta egungo 13 kideetatik 24ra igarotzea da, frankizia berriak gehituta.
NBAren eskaintzaren oinarria Europako saskibaloiaren lehiaketa nagusiaren jabe diren 13 klubekin akordioa egitea da, eta ez Euroliga zabaltzearen eta ondorengo frankizia bihurtzearen ondorioz sortuko liratekeen 24 klubekin.
Zentzu horretan, Euroliga Commercial Assetseko (ECA) klub akziodunek astearte honetan adostu dute hamar urteko lizentziak frankizia iraunkor bihurtzeko prozesua abiatzea eta txapelketa zabaltzeko egitasmoarekin aurrera jarraitzea, hainbat klub profesionalen aldetik jasotako eskaintzak aztertu ondoren, Cernobbion egindako bilera estrategikoan.