Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako txartelak jokoan, otsailaren 20tik 23ra artean
Otsailaren 20tik 23ra artean 2024-2025 Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako bi txartel egongo dira jokoan. Tolosan, Zornotzan eta Eibarren jokatuko dira play-offetako norgehiagokak.
Hilaren 20an, ostegunean, Artola-Mariezkurrena II eta Elordi-Zabaleta bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago Beotibar pilotalekuan. Txapelketako hasierako ligaxkan 3. eta 4. postuetan amaitu duten bikoteak lehiatuko dira Tolosan; irabazleak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira. Partida zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETB1ek, 16:50etik aurrera.
Ostiralean, otsailaren 21ean, sailkapenean 5. eta 6. geratu ziren Jaka-Imaz eta Peña II-Albisu bikoteek neurtuko dituzte indarrak, Zornotzan. Garaileek hilaren 23an ere partida bat jokatu beharko dute finalerdietara sailkatzeko, osteguneko neurketako galtzaileen kontra. Jaka-Imaz vs Peña II-Albisu norgehiagoka ere ikusgai izango duzu, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en, 22:10etik aurrera.
Finalerdietako ligaxkarako azken txartela hilaren 23an egongo da jokoan, Astelenan. Otsailaren 20ko partidako galtzaileak hilaren 21eko neurketako irabazleen aurka lehiatuko dira. Eibarko pilotalekuko partida zuzenean izango duzu ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en, 17:05ean.