Peio Etxeberria ez da Binakakoaren estreinaldian izango, eta Muruak hartuko du bere lekua
Peio Etxeberria Lau t’erdiko txapelduna ez da sendatu, gerrialdeko minak dirau, eta ez da Binakako Txapelketako estreinaldian egongo, Aspek jakitera eman duenez.
Muruak osatuko du bikotea Martijarekin Bilboko Deportivon. Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari.
Gainera, Peña II.ak Larrazabalen tokia hartuko du larunbatean, eta, Iztuetarekin batera, Artola eta Albisuren aurka arituko da Lizarran. Aurrelari arabarraren hutsunea txapelketaren aurkezpenean aurreratu zuten enpresek, Larrazabal min hartuta dagoelako.
Era berean, Dariok Altuna ordezkatuko du astelehenean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Errioxarrak, Ezkurdiarekin bikotea osatuz, Zabala eta Rezustari egingo die aurre lehen jardunaldian. Aurrelari amezketarrari ebakuntza egin berri diote, arnasa ondo hartzeko zituen arazoak konpontzeko.