Europako bi final jokatuko dira San Mamesen: Bordeaux-Leinster eta Ulster-Montpellier
Errugbiko Europako txapelketa garrantzitsuenetako bi finalak maiatzaren 22an eta 23an jokatuko dira San Mames estadioan.
Europako errugbi txapelketa nagusien garaikurrak, San Mamesen. Argazkia: Bilboko Udala
Bilboko San Mames estadioan jokatuko dira, maiatzaren 22an eta 23an, errugbiko kluben arteko Europako bi txapelketa nagusietako finalak: Investec Champios Cup eta EPCR Challenge Cup.
Ostiralean, 21:00etan, Ulster Rugby eta Montpellier Herault taldeak izango dira aurrez aurre Challenge Cup bigarren mailako txapelketako finalean. Irlandako taldeak Ingalaterrako Exeter Chiefs (29-12) menderatu zuen finalaurrekoetan; Frantziako taldeak, berriz, Galesko Dragons RFC taldea garaitu zuen (18-12).
Europako torneo nagusiko final handia, aldiz, larunbatean jokatuko da, 15:45ean. Union Bordeaux Begles egungo txapeldunak Leinster izango du aurkari. Frantziako taldeak Ingalaterrako Bath taldea garaitu du finalerdietan (38-26); Irlandakoak, ostera, Toulon frantziarrari irabazi dio finalera heltzeko (29-25).
Leinsterrek San Mamesen bereganatu zuen azkenekoz Txapeldunen Kopa, 2018an Bilbon jokatu zen final handian Racing 92 menderatuta.