Geldiezinak, euskal emakume kirolari onenen lana nabarmentzeko proiektua
Geldiezinak-Imparables proiektua aurkeztu dute asteazken honetan Bilboko EITBren egoitzako Multibox aretoan. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak abiatutako ekimena da, eta euskal kirolaren historian nabarmendu diren hainbat emakumeren lana eta lorpenak balioesten ditu, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko helburuarekin.
Hala, xede horiek erdiesteko asmoz, besteak beste, Korima Filmsek ekoitzitako Geldiezinak dokumental saila astero egongo da ikusgai ETB1en, igandetan, 11:30ean, "Helmuga" saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean eskainiko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko Primeran plataforman. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Olinpiar Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut (hiru domina olinpiko lortu ditu), Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpiar kirolariak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.
Atalez atal, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dituzte; amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta eta kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, besteak beste.
Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.
Haurtzarora bideratuta, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin eta fitxa didaktikoen bilduma bat ere egin dute, aipatutako protagonistekin, landutako gaiak publikoaren adinera egokituta. Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko dira, baina bertsio digitalak Basque Teameko webgunetik eta fundazioaren gainerako euskarrietatik eskuratu ahal izango dira. Ipuinak eta fitxak Paul Caballerok eta Ane Undurragak sortu dituzte.
Aurkezpena
Kimua Dantza Kolektiboaren GenErorAntz obraren pasarte batekin eman zaio hasiera ekitaldiari, eta bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailea, Joseba Urkiola EiTB Mediako kirol zuzendaria, eta Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta.
Bereziki hunkigarria izan da Ibone Belaustegigoitia ohol-jauzilari ohiaren, olinpikoa izan zen lehen euskal emakumearen, presentzia, bere ahizpa Bibiñerekin batera joan dena, baita Maialen Chourraut piraguistarena, Maider Unda borrokalari ohiarena, Ainhoa Ibarra eskiatzaile ohiarena, Maider Telleria eta Teresa Motos belar-hockey jokalari ohiena, Ainhoa Ostolazala txirrindulari ohiarena eta Alazne Etxaburua, Nerea Arruti zein Karmele Gisasola herri kiroletako izarrena ere, bestak beste. Almudena Cid gimnastak eta Edurne Pasaban alpinistak, lan-kontuak direla eta bertaratu ezin izan diren arren, aretoko pantaila erraldoian proiektatutako agurra bidali dute.
Europar Batasuneko Next Generation laguntzei esker diruz lagundutako "Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana"ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea aberastuko duten ereduak sortu nahi izan ditu, batez ere, goi-mailako euskal kirolari onenetako batzuen iragana, oraina eta, kasu batzuetan, etorkizuna ikusaraziz.
Zure interesekoa izan daiteke
"Laetitia”, Leti Canalesi buruzko dokumentala, Surf Film Festivalen
Leti Canales Euskal Herriko surflari handienetakoa da, eta dagoeneko badu dokumentala: “Laetitia”. Sopelako surflaria “oso pozik" dago "bere filma hemen, etxean, jartzeko aukera izateagatik”.
Bilbao Surf Film Festivalen 11. edizioa aurkeztu da
Martxoaren 18tik 22ra bitartean egingo da eta aurten lau egoitza ofizial izango ditu, bina Getxon eta Bilbon. 60 filmetik gora ikusi izango dira ikusgai; tartean, Laetitia.
Higinio Rivero ez da sailkatu iraupen-eskiko esprinteko finalerdietarako, baina historia egin du
Iraupen-eskian lehiatuta, barakaldarra, 43 urtekoa bera, hiru kiroletan aritu da Joko Paralinpikoetan; Estatuan, ez du hori beste inork egin. Riverok, asteartean, hogeita laugarren postua eskuratu du.
Argazki-galeria: Egoitz Bijueska, park modalitateko munduko txapelduna
Egoitz Bijueska skater bilbotarra izan da nagusi Sao Paulon jokatutako Munduko Skate Txapelketetan. Kalani Konig brasildarra geratu da bigarren, eta Tom Schaar estatubatuarraren, hirugarren.
Egoitz Bijueska, park modalitateko munduko txapelduna 15 urterekin
Bilbotarrak urrea eskuratu du 95.83ko puntuazioarekin, Kalani Konig brasildarraren (zilarra) eta Tom Schaar estatubatuarraren (brontzea) aurretik.
Egoitz Bijueska, park modalitateko finalera!
Naia Lasok, aldiz, 15. postuan bukatu du lehia finalerdietan, eta finaletik kanpo geratu da.
Higinio Riverok historia egin du Milango Neguko Paralinpiar Jokoetan
Espainiarekin biatloi egokituan parte hartu duen lehen kirolaria izan da.
Rahmek titulurik gabeko urte eta erdiko lehorteari amaiera eman dio Hong Kongeko LIV txapelketa irabazita
Barrikako golf jokalariak 2024ko irailean irabazi zuen azken txapelketa, Chicagon.
Naia Laso eta Egoitz Bijueska park modalitateko finalerdietan izango dira Skateko Munduko Txapelketan
Alain Kortabitartek eta Gadea Mojak agur esan diote lehiari sailkatzeko txandan, eta Peio Gonzalezek, final-laurdenetan.
Jon Rahm lider jarri da Hong Kongen, Detry eta Varner III.arekin berdinduta
Barrikako golf jokalaria lider jarri da Hong Kongeko txapelketan, Thomas Detry belgikarrarekin eta Harold Varner III.arekin berdinduta, 65 kolpeko txartela aurkeztu eta joko maila bikaina erakutsi ondoren.