Kansas City Chiefsek irabazi du Super Bowl txapelketa, Eagles taldea 35-38 mendean hartuta
Kansas City Chiefs taldeak bere historiako hirugarren Super Bowl txapelketa erdietsi zuen igandean, Philadelphia Eaglesi 35-38 irabazita, txapelketaren LVII. edizioa erabaki zuen final entretenigarrian. Harrison Butkerrek sartutako field goal jaurtiketa batekin erabaki zen garaipena.
Glendaleko (Arizona, AEB) State Farm zelaira bertaratutako zaleak partida handi baten lekuko izan ziren. Eagles taldea nagusi izan zen norgehiagokako azken laurdenaren hasierara arte, baina Patrick Mahomesek gidatutako Chiefs taldea neurketa iraultzeko gai izan zen. Hala, Mahomesek, nahiz eta orkatila mindu zuen lehian zehar, Vince Lombardi garaikurra (Super Bowlaren irabazleak jasotzen duen golardoa) bereganatzeko gai izan zen lau urteren buruan. Partidako jokalaririk onenaren garaikurra ere eman zioten.
Jalen Hurts Filadelfiako quarterbacka ere bikain ibili zen; izan ere, bere taldeak garesti ordaindu zuen akats bat egin arren, Nick Siriannik zuzendutako taldearen 35 puntuetatik 20 erdietsi zituen. Atsedenaldian, 24-14 aurretik ziren, baina, bigarren zatian, beherakada izan zuten erasoko zein defentsako jokoan, batez ere azken horretan.
Hurts eta Mahomes lehen zatian nabarmendu ziren. Zorrotz hasi ziren biak, eta lehenengo bi driveetan euren taldeak gidatu zituzten touchdownak erdiesteko. Eagles taldearen aldekoa, gainera, quarterbackak berak lortu zuen. Kansasekoena, berriz, Mahomesen eta Travis Kelceren arteko ohiko loturaren eskutik etorri zen.
Hasiera oparoa izan zen arren, defentsak gailentzen joan ziren, eta ez zuten puntu gehiagorik baimendu lehen laurdenean, nahiz eta Kansas Cityk aukera ona izan zuen Butkerrek hutsegindako field goal batekin. Bigarrenaren hasierak iluntzeko jokaldi ikusgarrienetako bat ekarri zuen, Hurtsek AJ Browni emandako 45 yardako (41 metro inguru) pase izugarria, hark touchdowna lor zezan (14-7).
Philadelphia aurkarien hurrengo erasoaldia bertan behera uzteko gai izan zen, eta berriz ere arriskua eragiteko parada izan zuen. Alabaina, lehenengo downa lortzetik yarda batera, bi akats egin zituen, bigarrena, larria. Izan ere, pilotak irrist egin zion ordura arte maila ederra eman zuen Hurtsi, eta Boltonek aukera baliatu zuen baloia jaso eta partida berdintzeko (14-14).
Dena dela, Eagles taldeko erasoko joko-antolatzaileak ez zuen denborarik galdu atsekabearekin, eta beste drive luze bat egin zuen, arrakastatsu. Hala, laugarren downean, Nick Siriannik uko egin zion field goala jaurtitzeari, eta Hurtsek beste touchdown bat gauzatu zuen (21-14). Kansas Cityk ezin izan zuen atsedenaren aurretik erantzun, eta, horrez gain, Mahomes taldeko izarrak bere eskuin orkatila mindu zuen, beste behin ere.
MAHOMESEK MINARI EUTSI ETA KANSASEK MARKAGAILUA IRAULI ZUEN
Andy Reiden (Chiefsen entrenatzailea) taldearentzat albiste on bakarra izan zen aurkariak soilik hiru puntu gehiago egin zituela, nahiz eta gertu izan beste touchdown bat (24-14).
Orduan, Rihannaren ikuskizunaren txanda iritsi zen, eta, bitartean, zalantzak ziren nagusi Filadelfiakoen artean, ez baitzegoen argi nola itzuliko zen Mahomes bigarren zatian. Haatik, berehala uxatu zituen zalantza horiek bost minututik gora iraun zuen drive on batekin, zeinetan korrika egiteko gai ere izan zen, bere taldea azken gunera hurbildu, eta Isiah Pachecok touchdowna erdiesteko (24-21).
Eaglesekoek beste drive luze batekin erantzun zuten, baina field goal bat baino ez zuten lortu (27-21), eta, horrek aurkariei finalean sartuta jarraitzeko abagunea eman zien (27-21), eta hala erakutsi zuten handik gutxira. Mahomes JuJu Smith-Schusterrekin batu zen jabetza on bat izateko, Toneyren touchdownarekin amaitu zena. Jokaldi horrek aurretik jarri zuen Kansas City lehen aldiz (27-28).
Konferentzia Nazionaleko txapeldunek nola erreakzionatuko zuten ikusteko unea zen, baina ez zuten punturik lortu hurrengo erasoaldian, eta bai Filadelfiakoek jarraian, Mahomesek ez baitzuen barkatu Moore aurkitu eta eraztuna Andy Reiden taldearen eskuetara hurbiltzeko (27-35).
Aitzitik, erantzuna partidaren eta aurkariaren mailakoa izan zen. Hurtsek, bere besoak duen indarraren beste erakustaldi batekin, pase bikaina zuzendu zuen Smithengana, eta, ondoren, bere hirugarren touchdowna egin zuen, baita jarraian sartu beharreko bi puntuko jaurtiketa ere. Ondorioz, lehia orekatuta zegoen berriro (35-35).
Nolanahi ere, erlojua Chiefsen alde ari zen jokatzen, eta Mahomes-Pacheco bikoteak ederki aprobetxatu zuen. Kansas Cityk ia denbora guztia xahutu zuen, eta azkenean Eaglesen aurkako zigor batek erabaki zuen finala, Butkerrek erdietsi zuena (35-38), bere taldeari bere hirugarren Vince Lombard garaikurra emateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Jon Rahmen Legion XIII taldeak irabazi du LIV txapelketa
Barrikako golf-jokalaria buru duen taldeak garaipena lortu du, Indianapolisen jokatutako txapelketa irabazita. Banakako lehian, Rahm bigarren izan da.
Sinnerrek ez du AEBetako Irekian parte hartuko, eskuineko belaunean daukan lesioarengatik
Italiarrak, munduko lehen sailkatuak, ez du partida ofizialik jokatuko bigarren urtez jarraian Wimbledon konkistatu zuenetik.
Carlos Alcarazek bere tronua defendatuko du Estatu Batuetako Irekian
Murtziako tenislaria kantxetara itzuliko da New Yorken, eskuin eskumuturrean izan duen lesioa gainditu ostean.
Pou Anaiek eta Micher Quitok “Bonus Track” ireki dute Cordillera Blancan
Uda honetan, Eneko eta Iker Pouk, Peruko Micher Quito kidearekin batera, "Bonus Track" (WI7/M6/6c/1.060 m) ireki dute Ranrapalcan (6.162 m), Peruko Cordillera Blancan. Mendikate honetan inauguratu dituzten 22 ibilbideetatik gogorrena eta konprometituena. Hiru egunetan eta estilo alpinoan egin dute hori, Andeetako mendi handietako bati autonomia osoz aurre eginez.
LIV Golfek bertan behera utzi du bere azken txapelketa eta asteburu honetara aurreratu du taldekako finala
Michiganen abuztuaren 27tik 30era aurreikusitako taldekako finala asteburu honetara aurreratzea eta Indianapolisen jokatzea erabaki dute, LIVaren etorkizunari buruzko zalantzen erdian.
Rahm hamabosgarren postura jaitsi da munduko golf sailkapenean
Barrikako golf-jokalaria hamahirugarren postutik hamabosgarren postura jaitsi da. Bizkaitarrak datorren asteburuan Indianapolisen jokatuko du LIV zirkuituko azken txapelketa. Hala ere, dagoeneko txapeldun da.
Solaunek zilarra lortu du gimnastika erritmikoko Munduko Txapelketan
Larunbatean urrea eta 2028an Los Angelesko Olinpiar Jokoetarako txartela irabazi ondoren, gasteiztarrak distira egin du berriro Alemanian.
Salma Solaun, gimnastika erritmikoko munduko txapeldun
Gasteiztarrak urrea eskuratu du Espainiako taldearekin, eta, horrekin batera, Los Angelesko 2028ko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela.
Julen Saenz de Ormijanak historia egin du Europako Trial 26” txapelketan
Julen Saenz de Ormijana arabarra Europako txapeldun izendatu da elite Trial 26” mailan, Valvergen (Frantzia) egindako txapelketan. Pilotu gasteiztarrak adierazi du oraindik “sinetsi ezinda” dagoen arren, hurrengo asteko Munduko Kopan lehiatzeko “oso prest” dagoela.
Eneko Lambeak Munduko gimnasia erritmiko Txapelketako ekitaldi batean parte hartuko du, antolatzaileek gonbidatuta
Gizonezkoen gimnasia erritmikoa Espainian soilik da txapelketako kirola; hortaz, Sakoneta Gimnasia Erritmiko Taldeko Lambeak ezin du Estatuko selekzioan izan. Hala ere, asteazkenean hasi den Munduko Txapelketako antolatzaileek gonbidatu egin dute, eta larunbatean, txapelketa horretako gala batean, bere ariketa egingo du. Eneko Lambea Espainiako txapelduna da, Lehen Mailan.