Reala, Errege Kopako txapeldun!
Talde txuri-urdinak laugarren aldiz irabazi du Errege Kopa; izan ere, Sevillako Cartuja futbol zelaian jokatutako finalean, Atletico Madril menderatu du, penalti jaurtiketetan, luzapena 2-2 amaitu eta gero.
Realak laugarren aldiz irabazi du Errege Kopa. Argazkia: EFE.
Reala 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako txapelduna da! Talde txuri-urdinak Sevillako Cartuja futbol zelaian irabazi du titulua, larunbat gauean. Talde txuri-urdinak, txapelketako final handian, Atletico Madril menderatu du, penalti jaurtiketetan, luzapena 2-2 amaituta, eta, horrenbestez, laugarren aldiz eskuratu du Errege Kopa; izan ere, 1909an, 1987an eta 2021ean ere lortu zuen (azken hori 2019-2020 denboraldikoa izan zen). Rino Matarazzoren jokalariek, partidan zehar, Gipuzkoatik eta Euskal Herri osotik iritsitako 30.000 zale ingururen babesa izan dute.
Final ikusgarria izan da, bizi-bizia, eta Realak garaipen ahaztezina erdietsi du. Ander Barrenetxeak, hamabosgarren segundoan, aurretik jarri du Reala; Lookmanek, hamazazpigarrenean, berdinketa ipini du; Oyarzabalek, penaltiz, 1-2koa egin du, atsedenaldia baino pixka bat lehenago, eta Julian Alvarezek, 83. minutuan, 2-2koa sartu du. Penaltietan, Unai Marrerok bi gelditu ditu, eta Carlos Solerrek, Luka Susicek, Aihenek eta, azkenean, Pablo Marinek, golak sartu dituzte, eta Kopa eman diote talde txuri-urdinari.
Nabarmentzeko modukoa da nola finalak antzekotasun handia izan duen 1987koarekin: Realak eta Atletico Madril bina egin dute, markagailuak Romaredako final hartan bezalako bilakaera izan du, penaltiek zehaztu dute txapelduna, eta Donostiako taldeko atezaina, duela 39 urte Arkonada eta orain Marrero, erabakigarria izan da, Kopa txuri-urdinez janzteko.
Rino Matarazzok, hamaikakoan, Unai Marrero kokatu du atepean, Luka Sucic irten da hasieratik zelai erdiko aurrealdean, Jon Gorrotxategi aulkian izan dela, eta, zalantzaren bat zegoen arren, Guedes erasoan. Atletico Madrilen, Sorloth ez da titular izan, eta, asteartean Txapeldunen Ligako neurketan izandako taldearekin alderatuta, Diego Simeone entrenatzaileak aldaketa gutxi egin ditu.
Hala, finala ezin hobeto hasi da Realarentzat. Partidako hamabosgarren segundoa ere bete gabe zegoela, Gonçalo Guedesek ezkerrean jaso du, penalti puntura erdiratu du, eta Barrenek, buruz, sareetara bidali du. Agian, Kopako finaletako historian izandako golik goiztiarrena izan da; harmailak, Realeko zaleenak, eztanda egin du, are gehiago.
Reala aurretik jarri dela, Atletico Madrilek hartu du baloia, baina, hori gorabehera, Realak oso sendo jarraitu du. Barrenek, hamazazpigarren minutuan, ondo jaurti du areaz kanpotik, eta Mussok, alegia, Atletico Madrileko atezainak, ondo aldendu du futbolari gipuzkoarraren jaurtiketa.
Jarraian, Lookmanek finala berdindu du, Atletico Madrilek erasoan egindako jokaldi on bati amaiera egokia emanda. Aurrelariaren errematea oso gurutzatua izan da, Marreroren ezkerrera ; azpeitiarrak ezin izan du ezer egin 1-1ekoa saihesteko.
Realak ez du atzera egin, eta Guedesek gertu izan du bigarren gola, alboko sarera jo duen jaurtiketa batean; Carlos Solerrek ere izan du gol aukera ona, 25. minutuan, kornerrera joan den errematean.
Finala bizi-bizi zihoan, erritmo handia zuen, bi taldeek nahi zuten Kopa irabazi. Epaileak txartel horia atera dio Mikel Oyarzabali, eta Le Normandek ere ikusi du. Erasoko jokaldi batean, Oyarzabalek Guedesi eman dio, eta portugaldarraren ezkerkada goitik irten da, desbideratuta. Lehen zatiko azken minutuetan, Realak kontrolpean zuen zelai erdia, eta indar handiz ari zen jokatzen.
Atsedenaldirako oso gutxi gelditzen zela, Realak Atletico Madrilen area barruan jarri du falta bat, Musso gaizki irten da eta Guedes kolpatu du, eta Alberola epaileak penaltia adierazi du, oso argia izan da. Mikel Oyarzabalek, beti bezain maisu, oso ondo jaurti du, eta berriro ere jarri du aurretik talde txuri-urdina. 1-2koarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira, finalean.
Guedesek, Realaren aldetik, eta Griezmannek, Atletico Madrilen, bigarren zatiko aurreneko abisuak eman dituzte. Atletico Madrilek baloia hartu du partidako zati horretan, baina Reala ondo zebilen atzealdean, estutasun handirik gabe; Lookmanek, 60. minutuan, gora errematatu du, area barrutik, jokaldi arriskutsu batean.
Matarazzok Gorrotxa eta Pablo Marin zelairatu ditu, Turrientesen eta Barreneren ordez. Atletico Madril presionatzen ari zen, baina Realak, Marrero oso ziur zebilela, oso sendo segitzen zuen, amaierarako hogei minutu gelditzen zirela. Oskarsson eta Aihen Oyarzabalen eta Guedesen ordez irten dira, 78. minutuan.
83. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketa bikain baten bidez, jokaldi luze batean, Julian Alvarezek 2-2koa sartu du. Argentinarrak meritu handiko gola egin du, baloia angeluan jarri baitu. Alex Baenak, Atletico Madrilen kontraeraso azkar baten ondorioz, gol aukera oso ona izan du, Take Kubo berdegunera atera baino lehenago.
90. minutua beteta, Cardosok oso gutxigatik jaurti du kanpora, Marrerok irteera ona eginda. Araututako denboran, azken jokaldia Atletico Madrilen aldeko falta oso arriskutsua izan da, baina Realak erantzun ona eman du, eta finala luzapenean sartu da.
Atletico Madril Reala baino gehiago izan da azken minutuetan, baina talde txuri-urdina indartsu zelairatu da luzapenean. Orri Oskarssonek, bakar-bakarrik Mussoren aurrean, ezin izan du gola sartu, aukera oso garbi batean; Julian Alvarezek, jarraian, zutoinera jaurti du.
Tentsio oso handia zegoen Cartujan, luzapeneko bigarren zatian, eta bi taldeak oso nekatuta zebiltzan. Hala, penalti jaurtiketetan erabaki da txapelduna zein den. Penaltietan, Unai Marrerok aurreneko biak gelditu ditu, Sorlothek eta Julian Alvarezek egin dituzte horiek, eta, Realaren aldetik, Solerrek, Sucicek eta Aihenek gola egin dute, eta Pablo Marinek, azken jaurtiketan, Realari laugarren Kopa eman dion gola egin du. Donostiak eta Gipuzkoa osoak historikoa izango den festa biziko dute, titulua ospatzeko!!
Fitxa teknikoa
2 - Atletico Madril: Musso; Molina (Johnny Cardoso, 78. min), Pubill, Le Normand, Ruggeri (Sorloth, 62. min); Giuliano (Baena, 70. min), Llorente (Clement, 99. min), Koke, Lookman (Nico Gonzalez, 62. min); Griezmann (Almada, 70. min), Julian Alvarez.
2 - Reala: Marrero; Aramburu (Elustondo, 113. min), Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez (Take Kubo, 88. min); Sucic, Turrientes (Gorrotxategi, 68. min), Soler, Guedes (Aihen Muñoz, 78. min); Barrenetxea (Pablo Marin, 68. min), Oyarzabal (Oskarsson, 78. min).
Golak: 0-1, 1. min: Barrenetxea. 1-1, 18. min: Lookman. 1-2, 46+. min: Oyarzabal, penaltiz. 2-2, 83. min: Julian Alvarez.
Penalti jaurtiketak: 0-0, Sorloth (Marrerok gelditu du). 0-1, Soler. 0-1, Julian Alvarez (Marreroren geldiketa). 0-1, Oskarsson (Mussok gelditu du). 1-1, Nico Gonzalez. 1-2, Sucic. 2-2, Almada. 2-3, Aihen Muñoz. 3-3, Baena. 3-4, Pablo Marin.
Epailea: Javier Alberola. SAtletico Madrileko Le Normand eta Musso eta Realeko Oyarzabal, Gorrotxategi eta Elustondo zigortu ditu, txartel horia aterata
Nabarmentzekoa: 70.000 zale Cartujan, Kopako finalean.
Zure interesekoa izan daiteke
Soroetak puntu bat salbatu du Sanserentzat Zubietan (1-1)
Bigarren zatian berdegunean sartu den Donostiako aurrelariak Fabriciok Teneriferentzat sartu duen gola berdindu du, partidaren azken txanpan atezainaren gainetik ondo errematatu ondoren.
Realak ofizialki aurkeztu du Gorka Alvarez
Gorka Alvarez entrenatzaile lasartearrak ilusio handiz hartu du Realeko emakumeen lehen taldea zuzentzeko ardura. Bestalde, Maider Castillo Realeko Futbol arduradunak kritikatu egin du Arturo Ruizek denboraldia hasi ostean utzi izana kluba.
Heart of Midlothian, Eskoziako txapelduna, Realaren aurkaria Europa Cupeko atarikoan
Gorka Alvarezen taldeak Heartsen aurka neurtuko ditu indarrak irailaren 22 edo 23an eta irailaren 30an edo urriaren 1an. Joaneko partida Edinburgon jokatuko du; itzulikoa, Donostian.
Jon Martin: “Golak ez dira sartu, baina kontentu defentsan egin dugun lanarekin”
Realak hutsean utzi du markagailua Anoetan, Celtaren aurkako partidan. Ez dira gutxi izan gola sartzeko izan dituzten aukerak, batzuk argiak. Hala ere, Jon Martin kontentu agertu da defentsa lanarekin.
Golik gabeko berdinketa Realaren eta Celtaren artean (0-0)
Markagailua ez da mugitu ate aurrean bietako batek ere ez baitu asmatu. Realak eraman du jokoaren pisua lehen zatian, baina Celtak lehia orekatu du atsedenaldiaren ostean.
Ainhoa Moraza: “Gure maila non dagoen jakiteko balio behar digute horrelako partidek”
Reala Txapeldunen Ligatik at geratu da Chelsearen aurka 0-1 galdu ostean. Ainhoa Morazarek azaldu du “taldeak partida oso landua” egin duela, markagailua guztiz kontra eduki arren. Hala ere, “bide onetik” doazela adierazi du donostiarrak.
Hauxe izan da Reala-Chelsea partidako gol bakarra
Realak 0-1 galdu du Chelsearen aurka, Txapeldunen Ligako hirugarren sailkatze-txandako itzuliko partidan, Zubietan. Keira Walshek sartu du talde ingelesaren aldeko gola, 54. minutuan.
Realak ahalegin handia egin du Chelsearen aurka, baina galdu du Zubietan, eta Txapeldunen Ligatik at gelditu da (0-1)
Keira Walshek, 54. minutuan, hirugarren sailkatze-txandako itzuliko partidako gol bakarra sartu du. Horrenbestez, euskal taldeak Europa Kopa jokatuko du. Chelseak erakutsi du talde bikaina dela, baina Reala ondo aritu da bigarren norgehiagoka honetan, eta kanporaketan ere bai.
Erik Bretos: “Munduko klub guztiek nahiko lukete Mikel Oyarzabal izan, baina berak Realean egon nahi du”
Realaren Futbol zuzendariak, asteazkenean, amaitu berri den fitxaketetako merkatua izan du hizpide; agerraldian, Realaren kapitainaren gainean mintzatu da: “Merkatuan egon nahiko balu”, adierazi du, “mila eskaintza izango genituzke”.
Mikel Goti Real Oviedora, utzita
Erdilaria Realetik utzita helduko da Asturiaseko taldera, 2026-27 denboraldiaren amaierara arte.