Reala garaile Mallorcan Europara gerturatzeko (0-1)
Carlos Solerrek lehen zatian sartutako golak 3 puntu eman dizkie txuri-urdinei, eta, bide batez, Europako postuetara gerturatu ditu.
Carlos Soler, gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 0-1 irabazi du Mallorcaren aurka larunbat honetan, Son Moixen jokatu den EA Sports Ligako 26. jardunaldiko partidan. Carlos Solerrek lehen zatian sartutako golak 3 puntu eman dizkie txuri-urdinei, eta, bide batez, Europako postuetara gerturatu ditu.
Jokoa oso parekatuta egon da lehen minutuetan, eta bi taldeek aukera gutxi izan dituzte. Realak erasora jotzeko asmo gehiago erakutsi du, baina azken metroetan ideiak falta izan zaizkie txuri-urdinei. Hala, lehen aukera argia Caleta-Carrek izan du, korner bat buruz errematatuz.
Pixkanaka euskal taldea nagusitu da zelaian, eta atera jaurtiketak egiten hasi da. Mallorca, Jagoba Arrasate gabe, galduta ibili da, eta defentsako lanari garrantzi gehiago eman dio; ez du gol aukerarik izan lehen zati osoan.
Lehen ordu erdia pasatu ostean iritsi da partidan ikusi denari justizia egin dion gola. Realaren kontraeraso azkar batean, Solerrek aldaratze bat jaso du area barruan, eta jaurtiketa ona eginez, aurretik jarri du bere taldea (0-1).
Bigarren zatia hasi eta gutxira, Zakharyanek langa gainetik bota du baloia, ozta-ozta izan bada ere.
Hurrengo minutuetan, aukerak tartekatu dituzte bi taldeek, eta 75. minutuan Muriqik beldurra sartu die txuri-urdinei gorputzean Remiroren aurrean bakar-bakarrik jaurti duenean. Baloia, baina, gora joan zaio.
Azken minutuetan, Realak abantailari eusten jakin du, eta ez du arrisku gehiegirik hartu nahi izan. Hala, garaipena eskuratu du Mallorcan.