Tsygankovek Realaren lehen zati ona baliogabetu du (1-2)
Tsygankov lehen gola sartzen. Argazkia: EFE
Realak 1-2 galdu du Gironaren aurka ostiral honetan Anoetan jokatu den EA Sports Ligako 16. jardunaldiko partidan.
Txuri-urdinek intentsitate handia sartu diote jokoari lehen minututik, aurkariaren area etengabe erasoz. Kubok Realaren lehen aukera argia izan du area barruan Barreneren pase on bat jasota, baina jaurtiketa gora joan zaio.
Euskal taldearen nagusitasuna nabaria izan da, aurkariaren zelaian etengabe jokatuz. Hala ere, Gironak ere estu hartu ditu, Arnauk Remiro besoak luzatzera behartu duenean. Minutuek aurrera egin ahala, intentsitateak behera egin du, eta Realak estrategia aldatu du jokaldi landuekin erasotzeko.
35. minutuan, Zubeldiak desmarkatuta ikusi du Guedes, eta pase sakona eman dio bere zelaitik bertatik. Portugaldarrak area barrura eraman du baloia eta Gazzaniga gainditu du jaurtiketa indartsu batekin (1-0).
Bigarren zatian Gironak martxa bat gehiago sartu du eta erasora jo du, nahiz eta Realak atzean ondo eusten eta kontraerasora irteten jakin duen. Kosta egin zaie txuri-urdinei, aldaketak aldaketa, aurkariaren atea ez zutelako hain erraz aurkitzen.
Orduan, 76. minutuan, Tsygankovek markagailua berdindu du area barruan erdiraketa bikain bat jasota. Etxekoek “joko arriskutsua” eskatu dute baloia Zubeldiaren buruaren inguruan errematatzean, baina epaileak ontzat eman du gola (1-1).
Gola kolpe gogorra izan da Realarentzat, jada ez baitzegoen hain aktibo zelaian. Kataluniako taldeari, aldiz, animoak eman dizkio eta minutu gutxira aurretik jarri dira markagailuan. Tsygankovek takoiz sartu du bere bigarren gola taldeari garaipena emateko (1-2).
Hala, Realak porrot gogorra jaso du dena alde zuen partida batean, azkenean nahastu egin zaiona.