Realak, partida bikaina eginda, berdindu egin du Inter Milanekin (1-1), Txapeldunen Ligako lehen neurketan
Realak 1-1 berdindu du, Inter Milanekin, asteazken gauean, Donostian, Reale Arenan, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako D multzoko lehen jardunaldian. Brais Mendezek aurretik jarri du Reala, laugarren minutuan, eta Lautaro Martinezek sartu du 1-1ekoa, 87. minutuan.
Horrela amaitu da partida, emaitzari dagokionez; gauak, baina, kontuan izateko moduko hainbat gauza gehiago utzi ditu. Giroa ikaragarri polita izan da Anoetan, eta talde txuri-urdinak Inter Milan baino askoz hobeto jokatu du; izan ere, Imanolen gizonek garaipena merezi izan dute, Europako egungo txapeldunordearen aurka. Simone Inzaghiren jokalariek, Italian, A Seriean, ezin hobeto ekin diote txapelketari, eta aurkari guztiak ari dira menderatzen; Anoetan, baina, ikusi ahal izan dute Donostiako taldearen maila bikaina dela. Erakutsi egin du Realak taldea zaleek amets egiteko moduan dabilela.
Realeko jokalari guztiek egin dute partida ederra, baina, beste behin, nabarmentzeko modukoa da zelai erdiko futbolariek burututako lana. Braisek, Mikel Merinok eta Martin Zubimendik baloi mordoa lapurtu dituzte, eta, horrez gain, fin aritu dira aurrelariekin bat egiteko. Ezkerrean, Kieran Tierney eta Ander Barrenetxea oso ondo ibili dira, bai eta Take Kubo beste aldean ere.
Salzburgok 0-2 irabazi du Lisboan, Benficaren aurka, eta multzoko lehen postuan jarri da. Realak, bigarren jardunaldian, Austrian jokatuko du, liderraren aurka; bertan saiatuko dira txuri-urdinak asteazkenean ihes egin dion garaipena lortzen. Ia dena falta da oraindik, eta edozer gerta daiteke Txapeldunen Ligan.
Realaren nortasuna
Imanolek, neurketaren bezperan, "nortasuna" eskatu zion Realeko jokalariei; bada, taldeak ezin hobeto barneratuta zuen entrenatzaileak esandakoa, eta txuri-urdinek bikain heldu diote partidari. Bigarren minutuan, Braisek, Barrenetxeak ezkerretik jokaldi polita eginda, buruz errematatu du, eta Sommerrek aurreneko geldiketa egin behar izan du; jarraian, area barrutik, Barrenetxeak zutoinera jaurti du. Inter Milanek ez zuen ikusten nola egin aurrera. Laugarren minutuan, Alessandro Bastonik, baloia ateratzen saiatzen ari zela, huts egin du; Braisek ederto lapurtu du, area handiko ertzera iritsi da, eta ezkerrez, sareetara bidai du baloia. 1-0 laugarren minutuan, eta Anoetak eztanda egin du.
Laugarren minutu horretatik atsedenaldira bitartean, Realak irakatsi egin du nola jokatu behar den maila goreneko partida bat. Inter zelai erdia bereganatzen ahalegindu da, baina Donostiako taldeak ez du estutasunik izan; minutuek aurrera egin ahala, Imanolen gizonak, pixkanaka-pixkanaka, aurkariaren atera gero eta sarriago hurbildu dira. Aurreneko zatiko azken minutuetan, Realak partida oso bideratuta uzteko moduko abaguneak izan ditu: 40. minutuan, Kubok jokaldi oso polita egin du eskuinetik, erdiratu, eta Le Normandek, buruz, gertutik, kanpora errematatu du, oso gutxigatik; lau minuturen buruan, Kubok, ezkerrez, jaurtiketa zail batean, berriro ere behartu du Sommer. Atezainak, ziur aski, eskertu egin du lehen zatiaren amaiera; 1-0ekoa, emaitza, onena zen Interrentzat, kontuan izanik Reala Europako txapeldunordea baino askoz hobeto ari zela jokatzen.
Norbaitek pentsatuko zuen, agian, Inter Milan, atsedenaldiaren ostean, hobeto ibil zitekeela, eta nolabait partida aldatuko zela; bada, uste okerra zen. Realak jokoa kontrolatzen jarraitu du, eta gertu-gertu izan dute Imanolen gizonek 2-0ekoa, bigarren zati horretako aurreneko minutuetan. Braisek izan du aukera ederra, falta batean, eta, ia jarraian, Mikel Oyarzabalek, korner baten ondorioz, burukada ona egin du; Sommerrek geldiketa ikusgarria egin behar izan du, Gipuzkoako taldearen bigarrena saihesteko.
Lautarok berdindu du
Ematen zuen emaitza, 1-0ekoa, Interrentzako albisterik onena zela; Inzaghiren taldeak partidan jarraitzen zuen, ia-ia espero gabe, Merinok, 68. minutuan, langara errematatu baitu. Azken ordu laurdenean, baina, Inter biziago presionatzen hasi da, eta Realari indar apur bat falta izan zaio. Lautarok egin du berdinketa, 87. minutuan; jokaldi luze batean, Frattesik, azkenean, urrutitik jaurti du, eta, nahi barik, pase sakon bikaina eman dio taldekideari.
Horrenbestez, azken inpresioa da Realak aukera bikaina izan duela aurkari oso gogor bat menderatzeko; baina argi izan beharko genuke txuri-urdinek, beste behin, maila ederra eman dutela. Txapeldunen Ligako estreinaldia gogoan izateko modukoa izan da.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Merino; Traore (Odriozola, 70. min), Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen, 60. min); Zubimendi, Merino, Brais (Pacheco, 86. min); Barrenetxea (Cho, 60. min), Oyarzabal (Sadiq, 70. min) eta Kubo.
1 - Inter Milan: Sommer; Bastoni (Di Marco, 55. min), De Vrij (Acerbi, 76. min), Pavard; Dumtries, Barella, Asllani (Frattesi, 55. min), Mkhitaryan (Alexis Sanchez, 69. min), Carlos Augusto; Lautaro eta Arnautovic (Thuram, 55. min).
Golak: 1-0, 4. min: Brais Mendez. 1-1, 87. min: Lautaro.
Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Zubeldia, Traore, Asllani, Mkhitaryan eta Pavard jokalariei atera die txartel horia.
Gertakizunak: 38.000 zalek bete dute Reale Arena, Txapeldunen Ligako multzo faseko lehen jardunaldian. Inter Milango ehunka zale izan dira, harmailetan.
Salzburgok 0-2 irabazi du Lisboan, Benficaren aurka, eta multzoko liderra da
D multzoko beste partidan, Salzburgok ezustekoa eman eta Benfican menderatu du, Lisboan, Da Luz futbol zelaian, 0-2. Simicek, 15. minutuan, eta Gloukhek, bigarren zatiko seigarrenean, Austriako taldearen bi golak egin dituzte. Salzburgo da, horrenbestez, Realaren multzoko liderra, eta hain zuzen ere Imanolen taldea hartuko du liderrak, bigarren jardunaldian.
Gainerako partidak: Artetaren Arsenalek PSV jipoitu du, Bayern Munich-Manchester United neurketa bikaina izan da, eta Mendilibarren Sevillak berdindu egin du
Jardunaldian jokatu dituzten gainerako partidetan, nabarmentzeko modukoa da Mikel Artetaren Arsenalek PSVri sartutako 4-0ekoa, bai eta Munichen izandako neurketa bikaina ere; horretan, Bayern Munichek 4-3 menderatu du Manchester United. Gainera, Jose Luis Mendilibarren Sevillak etxean berdindu egin du, 1-1, Lensen aurka.
Hauek izan dira gainerako markagailuak:
Galatasaray 2 – 2 Kopenhage
Real Madril 1 – 0 Union Berlin
Bayern Munich 4 – 3 Manchester United
Braga 1 – 2 Napoli
Arsenal 4 – 0 PSV
Sevilla 1 – 1 Lens
Zure interesekoa izan daiteke
Matarazzo: "Atzo nahikoa denbora izan genuen asteazkeneko garaipena dastatzeko"
Realeko entrenatzaileak EA Sports Ligako 27. jardunaldian Atletico Madrilen aurka jokatuko duten partidaz hitz egin du. Horren hitzetan, asteazkenekoa ondo ospatu dute, baina orain Ligan zentratu beharra dute, oso garrantzitsua delako.
Realak finalerako jasotzen dituen sarreren % 85 bazkideentzat izango dira
Gainera, talde txuri-urdinak azaldu du 25 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten bazkideek sarrera ziurtatuta izango dutela. Gainerako bazkideek zozketa batean izena eman beharko dute.
Rino Matarazzo: "Oso pozik nago, oso berezia da; gol aukera oso gutxi egin ahal izan dizkigute”
Realeko entrenatzaileak nabarmendu du nola jokatu duen bere taldeak lehen zatian, Athleticen aurkako itzuliko partidako lehen zatian, eta, halaber, pozik azaldu da, txuri-urdinek, beste behin, golik ez baitute jaso.
Jon Martin: "Gaur ere, partida osoa egin dugu, eta finalean gaude"
Realeko atzelari gazteak, Athleticen aurkako kanporaketa amaituta eta Sevillako finalerako txartela eskuratuta, gogora ekarri du nola bizi izan zuen talde txuri-urdinak irabazitako azken finala, 2021ekoa.
Horrelakoa izan da Realari garaipena eman dion penaltia
VARak deituta joan da epailea zer gertatu den begiratzea. Ruiz de Galarretak kamisetatik heldu dio Yangel Herrerari arean, eta penaltia dela erabaki du epaileak. Oyarzabalek bota, eta gola sartu du, horrera Sevillarako txartela lortuz.
Realaren zaleek talde txuri-urdinaren autobusari harrera eginen diote, asteazkenean, Kopako derbiaren aurretik
Rino Matarazzoren taldearen autobusak realzaleen animoak jasoko ditu, 19:00etatik aurrera, Anoeta hotelean hasita.
Matarazzok taldea "gogotsu" dagoela azpimarratu du, Athleticen aurkako partidari begira
Realak eta Athleticek asteazken honetan jokatuko dute Errege Kopako finalaurrekoetako itzuliko partida, Donostian. Matarazzok prentsaurrekoa eman du gaur, neurketa nola ikusten duen azaltzeko.
Anoetaren ondoan eginen den topagunean asteazken arratsaldeko giroa bizituko dute zaleek, Kopako finalerdietako derbian
Realak topagune bat antolatu du, eta zuzeneko musika eta food truckak izanen dira horretan. Gainera, talde txuri-urdinaren zaleek mosaiko handi bat osatuko dute estadioaren barnean, Realaren eta Athleticen jokalariak zelaira ateratzen direnean.
Jon Martin: "Hutsean berdinduta joango bagina bezala jokatu behar dugu neurketa"
Atzelari txuri-urdina "baikor" azaldu da Athleticen kontrako norgehiagokaren atarian. "San Mamesen partida osoa egin genuen, eta konfiantzarekin gaude", azpimarratu du. "Oso pozik nago nire lanarekin, baina gauza asko hobetu behar ditut", gaineratu du.
Deporrek luzapenean sartutako gol batek punturik gabe utzi du Sanse (2-3)
Astiazaran eta Ochieng jokalarien golekin markagailua irauli arren, Mikel Rodriguezen kanporaketak Zubietako partidaren azken minutuak baldintzatu ditu.