Budimirren golak merezitako saria eman dio Osasunari Gironaren aurkako partidan (1-0)
Lisciren mutilek hiru puntu oso garrantzitsu lortu dituzte. Gazzaniga atezainaren geldiketek nafarrek markagailu zabalagoa lortzea saihestu dute.
Osasuna Gironari gailendu zaio EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partidan. Budimirrek egin du nafarren garaipenaren gola partidako 80. minutuan, Kike Barjaren erdiraketa bikaina aprobetxatuta.
Lehen zati ona jokatu dute nafarrek eta bertan protagonista argia izan dute: Victor Muñoz. Aste honetan bertan, Luis de la Fuente Espainiako hautatzaileak zerrendan sartu du jokalari gorritxoa Espainiaren hurrengo neurketei begira.
Jokalari gorritxoa amesgaiztoa izan da Gironarentzat eta Gazzaniga atezainaren geldiketek bakarrik eragotzi dute Osasuna lehen minutuetan aurretik jartzea.
Lehen abisua 12. minutuan eman du Muñozek, kontraerasoan egindako jokaldi batean, baina Gironako atezainak erantzun bikaina eman dio Osasunako jokalariaren erremateari.
Sei minutu geroago, Muñoz eta Gazzaniga berriro protagonista izan dira, eta oraingoan ere argentinarrak ateratako eskuak jokalari gorritxoaren gola saihestu du.
34.ean, aukera Boyomok izan du buruarekin egindako erremate batean, baina Gazzanigak ondo harrapatu du baloia.
Atsedenaldiaren ostean, Gironak aurrerapausoa eman du, baina zorte handirik gabe.
Nafarrek penaltia eskatu dute Boyomoren kontraeraso batean, Fran Beltranek baloia eskuarekin desbideratu duelako, baina epaileak ez du ezer adierazi.
Victor Muñozek erasoan gogotsu jarraitu du baina gorritxoen gola, azkenean, Budimirrek sartu du 79. minutuan. Kike Barjak erdiraketa bikaina bidali dio.
Partidako azken abagune argia Raul Diazek izan du, baina ez du baloia ondo errematatu Gazzanigaren aurrean geratu denean.
Emaitza honi esker, Osasunak hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu salbazioa ziurtatzeko helburuan.