EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasunak galdu egin du Getaferen aurka, baina Lehen Mailan jarraituko du (1-0)

Porrotaren ondoren, aurkari zuzenen emaitzen zain geratu dira. Gironaren eta Elxeren arteko berdinketak mesede egin dio talde nafarrari, horri esker beste urtebetez Lehen Mailan jarraituko baitu.

Osasuna Budimir
Budimir, partidako jokaldi batean. Argazkia: @Osasuna

Osasunak 1-0 galdu du Getaferen aurka larunbat honetan, Coliseum zelaian, EA Sports Ligako azken jardunaldiko partidan. Gorritxoek puntu bat behar zuten maila gorenean jarraitzeko, baina porrota jaso ondoren, aurkari zuzenen emaitzen zain geratu dira. Gironaren eta Elxeren arteko berdinketak mesede egin dio talde nafarrari, horri esker beste urtebetez Lehen Mailan jarraituko baitu.

Gorritxoek ondo hasi dute partida, aurkariaren area bizkor bilatuz, eta horiena izan da partidako lehen aukera. Korner batean, Torrok buruz errematatu du, baina erdiratuegi atera zaio atezainaren eskuetara.

Raul Garcia de Harok aukera paregabea izan du Soriaren aurrean bakarrik geratu denean, baina jaurtiketa ahulegia egin du.

Getaferen lehen aukera falta batean etorri da. Millak zuzenean jaurti du, zutoinera itsatsita, baina Sergio Herrerak ondo sartu ditu ukabilak baloia urruntzeko.

Horren ostean, jokoak erritmoa galdu du. Etxeko taldeak baloiaren jabetza gehiago izan du, baina ez du arriskurik sortu Osasuna ondo kokatuta egon baita. Lehen zatiko azken minutuetan, Herrerak beste geldiketa on bat egin du aurkaria aurreratzea eragozteko, eta markagailua hutsean zutela joan dira aldageletara.

Bigarren zatia ere ildo beretik hasi da, beste partidetako emaitzak ikusita, bi taldeei berdinketak balio zielako helburuak betetzeko. Ordubete igarotakoan, baina, Luis Millak areaz kanpoko jaurtiketa bat egin du, eta, Herrando jo ondoren, baloia desbideratu egin da eta sarera sartu da, atezaina ezustean harrapatuta (1-0).

Lisci berdinketaren bila joan da, beste partidei begiratu gabe, eta Kike Barja eta Ruben Garcia zelairatu ditu Torro eta Herrandoren ordez, freskotasunaren bila. Zoritxarrez, sartu bezain pronto, Ruben Garciak min hartu du, eta ezin izan du zelaian jarraitu. Moi Gomez sartu da haren ordez.

Minutuak igaro ahala, Osasuna urduri jarri da, ideia eta aukera argirik gabe ari baitzen. Galanek burukada indartsua jo du partida amaitzeko 5 minutu falta zirenean, baina erdiratuegi atera zaio. Raul Garcia ere falta zuzen batekin saiatu da, baina gora joan zaio.

Azken minutuak oso biziak izan dira, dena oso irekita baitzegoen, eta jaitsiera postuak jokoan. Osasunak gora egin du, baina ez du golik egin, eta aurkarien emaitzen zain geratu da.

Gorritxoen zorionerako, Gironak berdindu egin du Elxen aurka (1-1); beraz, Osasunak maila gorenean jarraituko du beste urtebetez.

Girona, Mallorca eta Oviedo jaitsiko dira Bigarren Mailara.

Zure interesekoa izan daiteke

Luis Miguel Ramis, Osasunako entrenatzailea.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Luis Miguel Ramis: “Osasuna irabazle bat nahi dut”

Osasunaren entrenatzaile berria lahiaketa hasteko irrikitan dago. Iragan igandean Osasunak Celtarekin jokatu ez zuenez, denboraldiaurreko aste bat gehiago izan dute, eta ondo etorri zaiela esan du. Sadarreko giroa bertatik bertara bizi nahi duela ere esan du, eta, aldi berean, zein Osasuna ikustea nahi duen azaldu du. Azkenik, Luis Miguel Ramisek mezu bat bidali die Osasunako zaleei. (Bideoa, gazteleraz).

Dubasin y Braulio en la presentación del delantero con Osasuna.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Dubasin: “Osasunara etortzeko zalantzarik ez nuen"

Jonathan Dubasin pozik dago Osasunak eman dion aukerarekin. Esan du Ramisek lana eta ahalegina eskatu dizkiola, eta hori "negoziaezina" dela berarentzat. Katalanak dio balio anitzeko jokalaria dela erasoan, hainbat posiziotan jokatzeko gai dena, baina argi du zein den egokiena berarentzat. Bestalde, Braulio Vazquez kirol zuzendariak eskerrak eman dizkio Dubasini Osasunan jokatzeko erakutsi dituen gogoengatik. Taldeak denboraldi honetarako dituen helburuak ere zehaztu ditu, baita taldea ixteko indartzen saiatuko den posizioak ere. (Bideoa, gazteleraz).

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X