Athleticek garaipen handia lortu du San Mamesen, Atletico menderatuta (3-0)
Athleticen lehen bi golak bigarren zatiaren hasieran iritsi dira, bata bestearen atzetik izandako bi jokalditan; Nico Williams eta Robert Navarro izan dira golegileak. Hirugarrena, berriz, Oihan Sancetek sartu du, neurketaren azken txanpan.
Athleticek 3-0 irabazi dio Atletico Madrili, eta, horrenbestez, denboraldiko lehen garaipena lortu du San Mamesen. Lehen zatian, Madrilgo taldea hobeto hasi da, eta harenak izan dira gol aukera garbienak.
Madrilgo taldeak ez du asmatu lehen zatian, eta Edin Terzicen taldeak ez du barkatu bigarren zatiaren hasieran. Bi minutuan gol bana sartu dute Nico Williamsek eta Robert Navarrok, eta, ondoren, zuri-gorriek ondo defendatu dute markagailua. Hirugarrena, berriz, Oihan Sancetek egin du, 89. minutuan.
Partida bizi-bizi hasi da, eta lehen gol aukera garbia Atleticok izan du, 3. minutuan; Kang-in Leeren jaurtiketak, baina, zutoina jo du. Cholo Simeoneren taldeak hobeto ekin dio lehiari, eta zuri-gorriek denbora gehiago behar izan dute partidan sartu eta aurkariaren oldarraldiak gelditzeko.
Erasoko jokoan, berriz, Nico Williams saiatu da ezker hegaletik arriskua sortzen, bere abiadura baliatuta, eta gola sartzeko abagune onena Oihan Sancetek izan du. Horren jaurtiketa, baina, kanpora joan da, oso gutxigatik izan bada ere.
Atleticok asko estutu du, presio handia eginez, eta Terzicen taldeari asko kostatu zaio baloia atzetik ondo jokatuta ateratzea. Edonola ere, neurketa oso parekatua izan da, eta lehen zatia golik gabe amaitu da. Aldagelarako bidea hartu aurretik, baina, Pablo Barrios baloia Unai Simonen atean sartzeko zorian izan da, jaurtiketa area barrutik eginda.
Bestalde, lehen zatia bukatu aurretik, Yeraik zelaia utzi behar izan du, buruan kolpea hartuta, eta bigarren zatian Paredesek hartu du haren lekua.
Bigarren zatiaren hasiera, berriz, erotzekoa izan da. Athleticek bi minutuan bi gol sartu ditu. Lehendabizikoa Nico Williamsek egin du, neurketari ekin eta berehala, buruz, Iñakik egindako jaurtiketaren aldaratzea bikain baliatuta. VAReko epaileak jokaldiaren hasiera berrikusi du, baloia zelaitik atera ote den egiaztatzeko, baina, azkenean, baliozkotzat eman du gola. Bigarrena, ostera, hurrengo jokaldian iritsi da. Baloia lapurtuta, Nico ziztu bizian atera da kontraerasoan, Iñakiri eman dio pasea, eta honek Robert Navarrori. Navarrok Grimaldo driblatu du arean barruan, eta baloia sarera bidali du. Gol ederra izan da.
Athleticen kolpe bikoitza jasota, Simeonek lau aldaketa egin ditu aldi berean, berehalako erreakzioa bilatu nahian. Julian Alvarez, Arnau Ortiz, Koke eta Cuti Romero jarri ditu zelaian, eta Madrilgo taldeak aurrerapausoa eman du, partidan sartzeko gola egiteko asmoz.
Zuri-gorriek, berriz, baloia lapurtzea eta Oblaken atearen bila azkar ateratzea izan dute helburu, Atleticok atzean utzitako zuloak baliatu eta hirugarren gola sartzeko asmoz.
Simeoneren mutilak azken minuturaino saiatu dira, baina Athleticek ondo defendatu du markagailua, eta bisitariek ez dute emaitza iraultzeko inolako aukerarik izan. Alderantziz, Oihan Sancetek hirugarren gola egin du 89. minutuan, eta hortxe bukatu da partida. Norgehiagokaren azken txanpa San Mamesen bildutako athleticzaleen gozamenerako izan da.
Zuri-gorriek merezitako garaipen handia lortu dute, denboraldiko lehena etxean.