Unai Vencedorrek Athleticekin zuen kontratua eten eta Burgosen jokatuko du
Errekaldeko erdilariak amaiera eman dio Athleticeko etapari, 82 partida ofizial jokatuta eta Superkopa bat irabazita.
Unai Vencedor. Irudia: Athletic Club
Unai Vencedorrek akordioa lortu du Athletic Clubekin 2027ko ekainaren 30era arte bi aldeak lotzen zituen kontratua bertan behera uzteko eta Hypermotion Ligako Burgos taldearekin fitxatzeko, bi klubek baieztatu dutenez.
Horrenbestez, Errekaldeko erdilariak eta Bilboko taldeak euren bideak banandu dituzte, hainbat denboraldiren ondoren. 25 urteko jokalariak 82 partida ofizial jokatu ditu talde zuri-gorrian, baita Superkopako titulua irabazi ere.
Santutxu FC taldetik heldu ostean Lezaman hazi eta Baskoniatik igaro gabe iritsi zen Bilbao Athleticera. 2019/20 denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, Gaizka Garitanoren agindupean. Marcelino Garcia Toralekin titular gisa jokatu zuen Bartzelonaren aurkako Superkopako finalean.
Azken denboraldietan, Bilbotik urrun jarraitu du, hiru denboraldiz jarraian, utzita. Hala nola Eibarren, Santanderko Racingen eta Levanten.
Klubean egindako ibilbidean izandako "konpromisoagatik eta dedikazioagatik" eskerrak eman dizkio Athleticek, eta etorkizun pertsonal zein profesionalean "zorterik onena" opa dio.
Burgosen arituko da
Behin Athleticekin zuen kontratua etenda, Burgosek jokalariaren fitxaketa ofizializatu du. Zabaldutako oharrean jasotzen denez, jokalaria bertan arituko da 2026-2027 denboraldian, kontratua urtebetez luzatzeko aukerarekin.