Baztertu egin dute Sancetek "lesio larririk" izatea bere belaunean
Oihan Sancet Athleticeko jokalariari "erresonantzia" egin diote gaur eguerdian, ostegun gauean Bartzelonaren aurka jokatutako Kopako neurketan min hartu ostean (3-2). Proba horretatik ateratako emaitzek baztertu egin dute jokalari nafarrak "lesio larririk" izatea bere ezkerreko belaunean.
Sancet partida ona egiten ari zen, baina bigarren zatiaren hasieran Marcelino entrenatzaileak aldatu egin behar izan zuen minutu batzuk lehenago, erasoko jokaldi batean belauna mindu zuelako.
Bilboko klubak jakinarazi duenez, Sancetek "distentsioa du artikulazioaren kanpoaldeko kapsulan", eta "eboluzioaren zain dago".
Athleticek, hala ere, ez du lesioaren larritasuna zenbaterainokoa den argitu, eta ez du sendatzeko eperik ezarri ere.