Athleticek astindua eman dio Getaferi, galtzen jarri den arren oso goiz (5-1)
Athleticek 5-1 jipoitu du Getafe San Mamesen, Iker Munianen (bere taldearen lau goletan parte hartu du zelaian egon den bitartean) eta Raul Garciaren (zuri-gorrien lehen eta hirugarren golak sartu ditu) partida ikusgarri batean. Bilbotarrek irauli egin dute Cucurellak neurketaren 18. segundoan sartu duen gola, eta nagusi izan dira.
Neurketa zoro antzera hasi da. Gol bat egon da 18. segundorako; VARak esku hartu egin behar izan du 5. minutuan, Athleticen aldeko penalti bat balio gabe uzteko, eta berdinketaren gola 12. minutuan iritsi da.
Horren aurretik, lehen gola Yerayk gaizki urrundu duen baloi batean jaio da. Getafek baloia berreskuratu du, eta Kuboren, Mataren eta Aleñaren artean jokaldi ederra eratu dute, Cucurellak, Capari bizkarra hartuta, sare barrura bidali duena buruz.
Ez da kikildu Athletic, eta 5. minuturako Getaferen ahultasunak bilatzeari ekin dio, eta, hasiera batean, Yañez atezainarenak aurkitu dituela iruditu arren (lurrera bota du Williams area barruan, eta Cordero Vegak penaltia adierazi du), VARak epailearen erabakia zuzendu du, aurrelari zuri-gorria ukitu aurretik baloia jo baitu Yañezek.
Athleticek tematuta jarraitu du, eta markagailua orekatu du 12. minuturako. Muniainek erdiraketa ederra jarri du area barruan, eta Raul Garciak gol aparta lortu du boleaz.
Partidak zein Athleticek bizi-bizi jarraitu dute, eta 2-1ekoa lortzetik gertu izan dira etxekoak De Marcosen bi jokalditan. Lehendabizikoan, Guardiakoak area barrutik jotako burukada esku-eskura joan zaio atezainari; bigarrenean, berriz, De Marcos bera izan da erdiraketa pozoitsua egin duena area barruan, baina atzelariek arriskua aldendu dute baloia Williamsi iritsi aurretik.
Getafek ere ez du atzera egin. Hartara, madrildarren barneraldi batean, epaileak Nuñezen penaltia adierazi du, Portugaleteko atzelariak area barruan baloia eskuarekin jo duenean, Cucurellaren falta izan zitekeen jokaldi batean. Penalti jaurtiketan, baina, Unai Simonek erantzun ezin hobea eman dio Mataren ahaleginari, eta bisitariak berriro ere aurretik jar zitezela eragotzi du (29. minutua).
Ondoren, Athleticek norgehiagokaren agintea berreskuratu du, eta atsedenaldia baino lehen markagailuari buelta ematen saiatu da, Raul Garciaren burukada batekin eta Williamsen boleakadarekin.
Aitzitik, etxekoen gainerako golek bigarren zatira arte itxaron behar izan dute. 2-1ekoa Yerayk erdietsi du, Muniainek faltaz jarritako beste erdiraketa batean. Barakaldoko erdiko atzelariak atezainarentzako geldiezina izan den erremate bikaina jo du buruarekin.
3-1ekoa ere buruz sartutakoa izan da. Orduko horretan, Raul Garcia izan da golegilea ezker hegaletik Balenziagak erdiratutako baloia baliatuta. Zumarragako atzelariak zelaia utzi behar izan du handik gutxira, giharretako lesioak jota.
Athleticek ekinean segitu du, eta beste bi gol lortu ditu Berenger eta De Marcosen eskutik, Williamsek eta Villalibrek area barruan jarritako erdiraketa ezin zehatzagoen ostean.
Horrenbestez, Marcelino Garcia Toral entrenatzaile berria Bilboko taldera heldu zenean lehendabiziko neurketa galdu bazuten ere, horren ostean lau garaipen kateatu dituzte jarraian zuri-gorriek, Superkopa, Kopa eta Ligako neurketak kontua hartuta.
Fitxa teknikoa:
5 - Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Balenziaga (Lekue, 66. min); De Marcos, Vencedor (Vesga, 73. min), Dani García, Muniain (Unai López, 80. min); Williams (Villalibre, 80. min) y Raúl García (Berenguer, min. 73. min).
1 - Getafe: Yáñez; Damián, Djene, Etxeita, Nyom; Kubo (Mamor, 69. min), Arambarri (Patrick, 83. min), Maksimovic (Ángel, 56. min), Cucurella; Aleñá; y Mata (Portillo, 69. min).
Golak: 0-1, 1. min: Cucurella. 1-1, 12. min: Raúl García. 2-1, 50. min: Yeray. 3-1, 61. min; Raúl García. 4-1, 75. min: Berenguer. 5-1, 82. min: De Marcos.
Epailea: Adrián Cordero Vega. Txartel horiak: Nuñez, Raúl García, Dani García eta Vencedor (Athletc); Maksimovic, Mata, Etxeita eta Djene (Getafe).
Zure interesekoa izan daiteke
Galarreta: “Galtzen hasi ondoren, puntu bat ondo dago"
Athleticeko jokalariak larunbat honetan Elxen aurka lortutako berdinketaz (1-1) hitz egin du, San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partidan.
Athleticek puntu bat berreskuratu du Elxen aurka (1-1)
Buonanottek penaltiz aurreratu du talde andaluziarra, baina Chustek bere atean sartutako gol batek markagailua berdindu du euskal taldeari puntu bat emateko.
Athleticek sufritu egin du Espanyolen aurka puntu bat lortzeko (2-2)
Athleticek eta Espanyolek 2-2 egin dute Lezaman F Moeve Ligako 3. jardunaldiko partidan. Azkonaren eta Torreren golek bi aldiz berdindu dute markagailua, zuri-gorriek penalti bat huts egin dute eta bisitariek 10 jokalarirekin amaitu dute norgehiagoka.
Edin Terzic: “Elx talde ausarta da eta guk ere joko ausarta egin beharko dugu"
Bilbotarrek Elx hartuko dute larunbatean San Mamesen, EA Sports Ligako 5. jardunaldian. Hirugarren garaipena jarraian lortzea da Terzicen taldearen helburua.
Gorka Guruzetak lesio moderatua du eskuin belauneko iskiotibialean
Athleticeko aurrelaria, horrenbestez, ziurrenik baja izango da larunbatean, Bilboko taldeak San Mamesen Elxen aurka jokatuko duen partidan, eta ez dago argi datorren asteko bi partidetan jokatzeko moduan izango den, hau da, Levanteren eta Alavesen kontra.
Johaneko, Athleticeko jokalaria: “Oso harro nago. Lanean jarraitu behar da minutuak izateko”
Louis-Jean Johanekok debuta egin du denboraldi honetan lehen taldearekin, eta bere sentipenak partekatu ditu prentsaurrekoan.
Athleticek hamarrekin irabazi du Logroñon (0-1)
Athletic Clubek bigarren garaipena jarraian lortu du F Moeve Ligan igande honetan Logroñori etxetik kanpo irabazita, Maddi Torreren gol bati esker eta 15. minututik bat gutxiagorekin jokatu arren. (Bideoa gazteleraz).
Oihan Sancet: “Partida ikaragarria egin dugu"
Athleticek 3-0 irabazi dio Atletico Madril taldeari San Mamesen, EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partidan. Nico Williams, Robert Navarro eta Oihan Sancet izan dira golegileak.
Athleticek garaipen handia lortu du San Mamesen, Atletico menderatuta (3-0)
Athleticen lehen bi golak bigarren zatiaren hasieran iritsi dira, bata bestearen atzetik izandako bi jokalditan; Nico Williams eta Robert Navarro izan dira golegileak. Hirugarrena, berriz, Oihan Sancetek sartu du, neurketaren azken txanpan.
Terzic: “Ez dago talde garaiezinik, eta, are gutxiago, etxean jokatzen badugu”
Athleticek Atletico Madril hartuko du larunbatean San Mamesen. Edin Terzicek adierazi du badakiela aurkariak maila handia duela, baina esan du Bilboko taldea prest dagoela onenei aurre egiteko.