Afrikako Futbol Konfederazioak finala galdutzat eman dio Senegali; Maroko da Afrika Kopako txapelduna
Afrikako Futbol Konfederazioaren Apelazio Batzordeak galdutzat eman dio Senegali Afrika Kopako finala, astearte honetan, luzapenean 0-1 irabazi arren. Horrenbestez, Marokoko selekzioa da orain txapelduna, 3-0eko garaipenarekin. Marokoarrek 2026ko urtarrilaren 18ko final polemikoa galdu ostean jarritako helegiteen ondorioz iritsi da erakundearen erantzuna.
Lehiaketa honetako "araudiaren 84. artikulua aplikatuz" hartu duela erabakia argitu du. Izan ere, artikulu horren arabera, hainbat kasutan txapelketa gal dezake talde batek: adibidez, "partida amaitu baino lehen, epailearen baimenik gabe" zelaitik alde egiten badute jokalariek. Halakoetan, "galtzailetzat eta behin betiko kanporatutzat joko da".
Urtarrilaren 18ko Afrika Kopako finalean, epaileak Marokoren aldeko penalti bat adierazi zuen luzapenean. Orduan, Senegaleko selekzioak partida uzteko mehatxua egin eta jarraian, jokalari guztiak, Sadio Mane aurrelaria izan ezik, aldagelara joan ziren, protesta gisa. Marokoko jokalariak eta epailea zelaian geratu ziren.
Brahim Diazek penaltia jaurti eta huts egin zuen. Ondorioz, partida luzapenera joan zen, eta Pape Gueyek Senegalen garaipenaren gola sartu zuen (1-0) 94. minutuan.
Horrez gain, Konfederazioak Ismael Saibari Marokoko futbolariari jarritako hiru partidatako zigorra bira arindu zion, baita "jokabide txarragatik" ezarritako 100.000 dolarreko isuna baliogabetu ere.