Eintracht Frankfurt, Europa Ligako txapeldun
Eintracht Frankfurt da 2022ko Europa Ligako txapelduna, Sevillan jokatu den finalean Glasgow Rangers mendean hartuta. Berdinduta amaitu da partida (1-1), luzapenean ez da golik egon, eta penalti jaurtiketetan Alemaniako taldea nagusitu da.
Lehen zatian nagusi izan da Eintracht Frankfurt eta Alemaniako taldeak izan ditu abagune argienak. Alemaniako taldeak 12. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina McGregor atezainak Kamadaren jaurtiketa desbideratu du, eta aldaratzea jaso duen Kosticen jaurtiketa kanpora joan da. Zortzi minutu beranduago, McGregorrek Eintrachten gola saihestu du, Knauffen erremateari erantzun ona emanda. Glasgow Rangersen erantzuna 26. minutuan iritsi da Aribok kanpora bidali duen jaurtiketa baten bidez.
Kosticek bi abagune alferrik galdu ditu Eintracht Frankfurtentzat 30. eta 32. minutuetan, eta Eskoziako taldeak 37. minutuan erantzun du Trapp atezainak gelditu duen Lundstramen errematearekin. Atsedenaldira iritsi aurretik Rangersek gola sartzeko aukera izan du, baina Jacken jaurtiketak ez du aurkariaren atea aurkitu.
Bigarren zatiari hobeto ekin dio, eta Lindstromek gertu izan du gola; erdilariaren jaurtikea, ordea, kanpora joan da aurkari batengan jo ostean. Rangersek abagune argia alferrik galdu du 54. minutuan, baina Kentek ez du baliatu Knauffek baloia aldentzerakoan egin duen hutsa. Hiru minutu beranduago, ordea, Glasgow Rangersek gola sartu du; Eintrachtek huts nabarmena egin du defentsan, baloia Aribok jaso du, eta Rangerseko aurrelariak ez du barkatu Trapp atezainaren aurrean (0-1).
Pozak 12 minutu bakarrik iraun dio Eskoziako taldeari, 69. minutuan Eintracht Frankfurtek neurketa berdintzea lortu baitu; Kosticek erdiraketa egin du hegaletik, eta Santos Borrek banakoa jarri du markagailuan (1-1) Rangerseko defentsei aurrea hartu eta McGregor atezaina gaindituta.
Neurketaren azken txanpan, konkretuki 89. minutuan, Eintrachtek abagunea izan du, baina Kosticen jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Arauzko 90 minutuak bana berdinduta (1-1) amaitu dira, eta lehia luzapenera joan da.
Luzapeneko lehen zatian talde bakoitzak abagune bana izan du. Arfieldek gola sartzeko aukera izan du Rangersentzat, Santos Borrek Eintrachtentzat, baina bietako bat ere ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
Erasokor ekin diote bi taldeek luzapeneko bigarren zatiari. Lehen abisua Glasgow Rangersek eman du, baina Trapp atezainak Barisicen jaurtiketa gelditu du. Jarraian etorri da Eintracht Frankfurten erantzuna, baina Hrusticen jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Trapp Eintrachteko atezaina izan da protagonista azken minutuetan, gelditu bikainak egin baititu. Davisek etepean egin duen errematea desbideratu du Trappek 118. minutuan, eta azken jokaldian ate barrura zihoan jaurtiketa gelditu du. Ez da golik egon luzapenean, eta penaltietan erabaki da txapelduna.
Rangersek lehen hiru penalti jaurtiketak sartu ditu. Tavernierrek, Davisek eta Arfieldek ez dute kale egin. Eintrachtek ere ez du hutsik egin lehen hiru jaurtiketetan; Lenzek, Hrusticek eta Kamadak golak sartu dituzte. Rangersen laugarren penaltian Trapp atezainak Ramseyren jaurtiketa gelditu du. Ondoren, Kosticek gola sartu du Eintrachtentzat, baita Roofek ere Rangersentzat. Santos Borrek jaurti du Eintracht Frankfurten bosgarren penaltia, gola sartu du, eta garaipena eman dio bere taldeari.
Fitxa teknikoa:
1 - Eintracht Frankfurt: Trapp; Tuta (Hasebe, 58. min), Touré, N'Dicka (Lenz, 100. min); Knauff, Sow (Hrustic, 105. min), Rode (Jakic, 89. min), Kostic; Lindström (Hauge, 71. min), Kamada eta Borre.
1 - Glasgow Rangers: McGregor; Tavernier, Goldson, Bassey, Barisic (Roofe, 117. min); Jack (Davis, 74. min), Lundstram; Wright (Sakala, 74. min) (Ramsey, 117.min), Kamara (Arfield, 91. min), Kent eta Aribo (Sands, 101. min).
Golak: 0-1, 57. min: Aribo. 1-1, 69. min: Borre.
Penalti jaurtiketak: 0-1, Tavernier. 1-1, Lenz. 1-2, Davis. 2-2, Hrustic. 2-3, Arfield. 3-3, Kamada. 3-3, Ramsey (Trappen gelditua). 4-3, Kostic. 4-4, Roofe. 5-4, Santos Borre.
Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Txartel horia atera dio Aribo (62. min) Rangerseko jokalariari, baita Wright (73. min) Eintrachteko futbolariari.
Zure interesekoa izan daiteke
Reala eta Athleticen arteko EH Kopako finaleko golak (3-1)
Realak 3-1 irabazi dio Athletici Irunen jokatu den Euskal Herria Kopako finalean. Iraiaren golarekin, talde zuri-gorriak ireki du markagailua. Txuri-urdinek, ordea, Chaconen golarekin lortu dute berdinketa. Bigarren zatian, Seleenfreundek buruz sartu, eta, Nereak Realaren garaipenaren azken kolpea eman du hirugarrenarekin.
Osasunak Racing Santanderren aurka neurtuko ditu indarrak Erreginaren Kopako lehen kanporaketan, eta Bizkerrek Burgosen kontra
Lehen kanporaketa irailaren 8, 9 eta 10ean jokatuko da partida bakarrera.
Reala EH Kopako finalera, Eibar penaltietan garaituta
Realak Euskal Herria Kopako bigarren finalerdia irabazi du Eibarren aurka. 90 minutuetan berdinduta maitu dute (1-1), hartara, penaltietan erabaki behar izan dute kanporaketako garailea. Azkenerako, txuri-urdinak nagusitu dira 4-1. Horrenbestez, Athletic izango du aurkari Donostiako taldeak datorren asteazkenean jokatuko den finalean.
Athletic EH Kopako finalera, Alavesi 3-0 irabazita
Athleticek 3-0 menderatu du Alaves Amurrion jokatu den Euskal Herria Kopako lehen finalerdian. Zugasti, Valero eta Benitoren golek finalean sartu dute talde zuri-gorria. Aurkaria Real Sociedad eta Eibarren artean erabakiko da, igandean, Azkoitian.
PSGk Europako bigarren Superkopa irabazi du erreskadan, Emeryren Aston Villa mendean hartuta (2-1)
Kvaratskheliak aurretik jarri ditu frantziarrak lehen zatian, baina Madjok berdinketa lortu du atsedenaldira heldu aurretik. Bigarren zatian, Douek berdinketa desegin du.
2026ko Euskal Herria Kopa aurkeztu dute: Moeve F Ligako lau taldeak arituko dira txapelketan
Hilaren 15ean, Amurrion, Alavesek eta Athleticek lehen finalerdia jokatuko dute, eta 16an, Azkoitian, Eibar eta Reala arituko dira nor baino nor gehiago, finalera sailkatzea lortzeko. Finala abuztuaren 19an izango da, Irunen.
2026ko Munduko futbol Txapelketako egutegia, emaitzak eta sailkapenak
Txapelketa ekainaren 11n hasiko da, eta Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon jokatuko dute, uztailaren 19ra bitartean.
Munduko Txapelketako golegilerik onenen zerrenda historikoa eta 2026ko Munduko Txapelketako goleatzailerik onenak
Munduko Txapelketa 1930ean jokatu zuen aurrenekoz, Uruguain. Ordutik, hainbat jokalari bikainek lortu dute golen bat sartzea Munduko Txapelketaren batean; baina… nortzuek egin dituzte golik gehien? Munduko Txapelketako golegilerik onenen zerrenda historikoan jaso dugu hori, bai eta 2026ko ekitaldian nortzuek sartu dituzten golik gehien ere.
Lionel Scaloni, finalaren ostean: “Min ematen du gaur lehiatu ezin izanak”
Lionel Scaloni Argentinako hautatzaileak Munduko Kopako finalean Espainiaren aurka jasotako porrota aztertu du, eta bere etorkizunaz ere mintzatu da.
Unai Simon, 2026ko Munduko Txapelketako atezainik onena
Athletic Clubeko jokalariak Urrezko Eskularruaren saria jaso du, txapelketa osoan zehar gol bakarra jaso du eta.