Asier Garitano, Sporting Gijoneko entrenatzaile berria
Asier Garitano Sporting Gijoneko entrenatzaile berria da, astearte arratsaldean Asturiaseko klubak iragarri duenez. Bergararrak 2026ko ekainera arte sinatu du Sportingekin, alegia, 2024-25 denboraldian gelditzen diren asteetarako, eta 2025-26 denboraldirako.
Gipuzkoarraren aurreneko helburu nagusia, Gijonen, izango da lan egitea bere talde berriak Hypermotion Ligan mailari eustea lor dezan. 2024-25 denboraldiko Ligako 34 jardunaldi jokatuta, hau da, zortzi partida gelditzen direla, Sportingek, 41 puntu dituela, hamazazpigarren postuan dabil, eta bi puntura du hemeretzigarren tokian dagoen Eldense; hori da, hain zuzen, jaitsiera postuetan dagoen lehenengo taldea, eta, halaber, Asier Garitanok Sportingekin izango duen lehenengo aurkaria. Igandean, 18:30ean, Eldako Nuevo Pepico Amat futbol zelaian, Eldense eta Sporting arituko dira nor baino nor gehiago.
Asier Garitano, 55 urtekoa bera, Realeko eta Alaveseko entrenatzailea izan da, besteak beste.