EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Rayok ezin izango du Vallecasen jokatu, Madrilgo Gobernuak kontzesioa bertan behera utzi baitu

"Segurtasun gabezia larriak" daudela argudiatu du Madrilgo Gobernuak. Rayo Vallecano "harrituta" azaldu da Kultura, Turismo eta Kirol sailaren erabakiarekin. Javier Tebas Ligaren presidenteak adierazi duenez, Rayok beste futbol-zelai bat du erabilgarri, baina ez du zehaztu zein. Bestalde, Tebasek ez du zalantzan jarri Madrilgo Gobernuaren erabakia.

Vallecas-estadio-Rayo-Vallecano

Rayoren zaleak, Vallecasen, Konferentzia Ligako finala ikusten, iragan maiatzean. Artxiboko argazkia: Europa Press

Madrilgo Kultura, Turismo eta Kirol Sailak bertan behera utzi du Vallecas futbol-zelaiaren kontzesioa, instalazioetan "segurtasun gabezia larriak" antzeman dituelako. Orain arte Rayo Vallecanoren esku zegoen. Antza denez, asteazken honetan hasiko dira hori bideratzeko konponketak egiten.

Rayok Vallecasen jokatzen jarraitu ahal izango du, zelaian egingo diren premiazko lanak bukatu ondoren. Madrilgo Gobernuak futbol-zelaiaren egoerari buruzko auditoria baten emaitzak aztertu ondoren hartu du erabakia.

Kultura, Turismo eta Kirol Kontseilaritzak agindutako auditoriaren arabera, zelaia "zaharkituta" dago, eta Rayok "ez ditu arauak bete". Horrek "segurtasuna arriskuan jarri du", erantsi duenez.

Rayo Vallecano harrituta agertu da erabakiarekin. "Guztiz harrituta gaude eta egoera konpontzeko lanean ari gara", adierazi dute klubeko iturriek.

Joan den denboraldira arte Rayo Vallecano taldeko kapitainetako bat izandako Oscar Trejo futbolari argentinarrak adierazi duenez, "mingarria da klubak beti maila ez ematea". Taldeak "egonkortasuna, anbizioa eta ordezkatzen duen guztiari justizia egingo dion proiektu bat merezi du", gaineratu duenez.

Trejok mezu hori zabaldu du sare sozialetan, Madrilgo Gobernuaren erabakiaren berri izan eta gutxira. Neurri hori berariaz aipatu gabe, Trejok klubaren egoera deitoratu du: "Rayo Vallecano talde bat baino askoz gehiago da. Auzoa da, futbola ulertzeko modu bat, borroka historia bat eta amore ematen ez duten zaleak".

Butarque?

Azkenik, Ligaren presidenteak, Javier Tebasek, Rayok dagoeneko beste futbol-zelai bat duela ziurtatu du, baina ez du baieztatu Butarque den ala ez (Leganesen dago). "Denbora dugu, baina beste zelai bat izan behar dugu erabilgarri. Erkidegoak hartu du erabakia, eta ezin da zalantzan jarri. Rayok zelaia du, eta Rayok futbol profesionalean ezartzen ditugun baldintzak bete egin behar ditu. Butarque, beharbada. Zelaia dugu, baina zein den ez dut esan nahi".

Gainera, Tebasek ez du zalantzan jarri Madrilgo Gobernuaren erabakia, bere ustez, zaleen segurtasuna dagoelako jokoan.

Zure interesekoa izan daiteke

Toni Martinez (Alaves) gola
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Alaves-Getafe partida, abuztuaren 15ean, 19:30ean, 2026-2027ko EA Sports Ligako lehenengoa

Ligak txapelketako aurreneko hiru jardunaldietako ordutegien berri eman du; abuztuko bigarren hamabostaldian jokatuko dituzte hiru jardunaldi horiek. Osasuna Celtaren zelaian hasiko da, abuztuaren 16an, igandez, 21:30ean; Realak bigarren jardunaldian jokatuko du aurreneko partida, Betisen zelaian, abuztuaren 21ean, ostiralez, 21:00etan; eta Athleticek ere bigarren jardunaldian izango du lehen norgehiagoka, San Mamesen, Sevilla aurkari, abuztuaren 22an, larunbatez, 17:00etan.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X