Epaileek arrazoi eman diote Ligari, eta txapelketa abuztuaren 15-16ko asteburuan hasiko da
Ligak eta Espainiako Futbolarien Elkarteak ez dute datorren kanpainako egutegiaren inguruan akordiorik itxi, eta, beraz, hitzarmen kolektiboak dioen bezala, epaileen organora jo zuten. Javier Tebas buru duen erakundeari eman dio arrazoi.
Rayo Vallecanoko jokalariak, amaitu berri den ligako azken goletako bat ospatzen. Argazkia: Europa Press
Epaileek Ligari eman diote arrazoi, eta 2026-2027 denboraldiko EA Sports Ligak lehen jardunaldia abuztuaren 15-16ko asteburuan izango du. Espainiako Futbolarien Elkartea data horren aurka dago. Elkarteak ondorengo asteburura atzeratu nahi du hasiera, Munduko Txapelketa jokatzen duten futbolariek atseden luzeagoa izan dezaten.
Patronalak eta sindikatuak ez zuten datorren kanpainako egutegiaren inguruan akordiorik itxi, batez ere EA Sports Ligaren hasierari eta Hypermotion Ligaren amaierari dagokionez. Hori dela eta, hitzarmen kolektiboak dioen bezala, epaileengana jo zuten, eta Javier Tebas buru duen erakundeari eman diote arrazoi, gatazkaren puntu guztietan, Espainiako Futbolarien Elkartearen iturriek baieztatu dutenez.
Horrela, txapelketa abuztuaren 15-16ko asteburuan abiatuko da, Ligak nahi zuen bezala. Tebasek defendatu zuen orduan hasita 21 opor-egunak eta denboraldiaurreko hiru asteak gorde egingo zirela. Gainera, esan zuen lehen jardunaldi hori hainbat egunetan banatuko zela, ostiraletik, hilaren 14tik, hasita.
AFE
Interes ekonomikoak futbolarien osasunaren aurretik jarri dituzte
AFEren ustez, ordea, erabaki hori "kaltegarria" da Munduko Kopara joaten diren jokalarientzako, "ez dutelako prestakuntza egokirik izango eta, hain denboraldi gogorrari aurre egiteko, futbolarien osasuna arriskuan jartzen delako".
Halaber, sindikatuak deitoratu du "interes ekonomikoak futbolarien ongizatearen aurretik" jarri izana, eta, horregatik, argi du "inoiz baino beharrezkoagoa" dela egoera gatazkak konpontzeko hitzarmen kolektibo bat lehenbailehen negoziatzea.
David Aganzo buru duen elkarteari ere ez zaio gustatu Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) jokatu duen papera , "lekuz kanpo" egon delako, edo "patronalaren jarrera indartu" duelako.