EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Penaltiek puntuak banatu dituzte Alavesen eta Osasunaren artean (2-2)

Puntu banaketak, ordea, ez dio gehiegi balio bietako inori, gorritxoak Europatik aldentzen baititu, eta babazorroak jaitsieraren arriskuan mantendu.
VITORIA, 05/04/2026.- El delantero del Alavés, Toni Martínez, durante el encuentro correspondiente a la jornada 30 de la Liga EA Sports que disputan este domingo Alavés y Osasuna en el estadio de Mendizorroza, en Vitoria. EFE / L. Rico
Moncayola eta Toni Martinez. Argazkia: EFE

Penaltiek Alavesen eta Osasunaren arteko berdinketa sinatu dute igande honetan Mendizorrotzan jokatutako euskal derbian (2-2), EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan. Puntu banaketak, ordea, ez dio gehiegi balio bietako inori, gorritxoak Europatik aldentzen baititu, eta babazorroak jaitsieraren arriskuan mantendu.

Derbia ezin izan da zirraragarriago hasi; izan ere, laugarren minuturako Osasunak gola sartu du, Budimirrek hasi eta Rosierrek bukatu duen kontraeraso batean. Baloia esker hegaletik jaso eta inongo oztoporik gabe bidali du sarera (0-1).

Jokalari frantsesak beste aukera bat ere izan du handik gutxira, baloia lapurtu ondoren, baina gehiegi trabatu da eta azkenean behartutako jaurtiketa ahula egin behar izan du.

Bestalde, babazorroek area barruko jokaldi nahastu batean aurkitu dute lehen aukera argia. Hanka gehiegi sartu dira tartean eta azkenean baloiak Sergio Herreraren eskuetan bukatu du.

Ordu erdira, Toni Martinezek jaurtiketa indartsua bota du falta batetik, Herrerak ondo gelditu duena. Ia jarraian, Guridi bakar-bakarrik geratu da arean, baina burukada ahulegi atera zaio eta ez du berdinketa jartzeko aukera aprobetxatu.

Gorritxoek beste kontraeraso batekin erantzun dute. Moncayolak erdiraketa jarri du eta Ruben Garciak gertu izan du bigarrena bere burukadarekin, baina Siverak geldiketa ona egin dio.

Atsedenaldia iristear zenean, Tonik pase luzea jaso du area barruraino. Denarekin bota da lurrera eta baloia ukitzea lortu du, nahikoa ibilbidea aldatu eta gola sartzeko (1-1).

Bueltan, jokoa fisikoagoa bilakatu da, kontaktu gehiagokoa. Oraingoan Alaves erasokorrago aritu da, baina Osasunak ondo kokatuta izan du bere defentsa.

Bietako inor ez da izan benetako arriskua sortzeko gai izan, eta aldaketekin hasi dira freskotasuna bilatzeko: Guevara, Aleña eta Abde Alavesen aldetik, Victor Muñoz, Iker Muñoz eta Abel Bretones Osasunatik.

80. minutuan Victor Muñoz lurrera bota dute area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Budimirrek jaurti eta 1-2koa jarri du, denboraldiko bere 15. gola sartuz.

Azken minutuetan, Catenak Toni zapaldu du area barruan eta, VAR-ean berrikusi ondoren, epaileak penaltia adierazi du. Boyek jaurti eta berdinketa itxi du (2-2).

Hala, puntu gazi-gozoa lortu dute bi taldeek, Osasunari ez baitio gehiegi laguntzen Europara begira eta Alaves jaitsieraren arriskuan mantentzen baitu.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X