Bigarren etapa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Paul Seixas izar gazteak beste erakustaldi bat eman du, bigarren etapan garaipena lortu eta lidergoa sendotuta

Tropelak, Paul Seixas (Decathlon) liderraren taldeak gidatuta, sei txirrindularik osatutako eguneko ihesaldia kontrolpean izan du. Liderrak berak jo du erasoa Aralarko San Migel mendatean, eta ihes egindako txirrindulariak atzean utzi ditu, helmugatik 25 kilometrora.

Paul-Seixas-Itzulia-2026-segunda-etapa-Aralar

Paul Seixas liderra, helmugan. Argazkia: EFE

Paul Seixas (Decathlon) Itzuliko liderrak irabazi du Mendukilloko (Nafarroa) kobazuloetan amaitu den lasterketako bigarren etapa. Bilboko erlojupekoan garaipena lortu ondoren, 19 urte baino ez dituen Frantziako izarrak erakustaldia eman du berriro, bigarren etapa jarraian irabazi eta lidergoa sendotuta.

Paul-Seixas-Itzulia-2026-segunda-etapa-Aralar
18:00 - 20:00

Eguneko ihesaldia sei txirrindularik osatu dute, ia irteeratik, bigarren kilometroan: Ethan Hayter britainiarrak (Soudal Quick-Step), Raul Garcia Pierna madrildarrak (Movistar Team), Frank Van de Broek nederlandarrak (Team Picnic PostNL), Joan Bou valentziarrak (Caja Rural - Seguros RGA), Iker Mintegi nafarrak (Euskaltel - Euskadi) eta Bruno Armirail frantziarrak (Team Visma | Lease a Bike).

Tropelak, Decathlon taldearen gidaritzapean, ihesaldia kontrolpean izan du une oro, eta Paul Seixas liderraren erasoa prestatu du. Frantziako txirrindulari gazteak Aralarko San Migelera gora zihoala jo du erasoa, eta ezerezean utzi du eguneko ihesaldia, helmugatik 25 kilometrora.

18:00 - 20:00

Hala, Aralarko San Migel gailurretik 6,5 kilometrora, helmugatik 27 kilometrora, abiatu da erakustaldi handia. 03:11:48ko denbora egin du helmugan Seixasek, 39.3 kilometro orduko batez besteko abiaduran.

Frantziarrak 01:25 minutuko aldea atera dio Izagirre, Skjelmose, Uitjdebroeks, Lipowitz eta Budin txirrindulariek osatutako taldetxoari.

Bestalde, Mikel Landak erorikoa izan du Aralarko San Migeleko jaitsieran. Hala ere, Murgiako txirrindulariak gaurko etapa amaitzea lortu du.

Paul Seixas, Itzuliko liderra

Nola egiten duzun ez dakizun egun horietako bat izan da

"Esango nuke hori zela egitasmoa, agian gehiegizkoa izan da hain goiz erasotzea, agian nahi baino lehenago eraso egin dut, baina horrela sentitu eta egin dut. Bizpahiru minutura damutu egin zait, baina ez nuen beste aukerarik, eta aurrera egin dut, amaierara arte", adierazi du Seixasek, helmugan.

"Plana nire kasa alde egitea zen, edo aurkari batzuekin batera. Hankek erantzun bikaina eman didate; gainera, taldeak ederto lan egin du. Nire taldekide guztiek gogotik egin dute behar gaur, tropelaren burua gidatzen; indar gehiago eman didate, besterik ez", azaldu du 19 urteko txirrindulariak.

Seixasek 2014ko Espainiako Vueltan Fabio Aruk Aralarko San Migelen egin zuen marka baino bi minutu hobeto helmugaratu da gaur. Bere estrategiari buruz zintzo mintzatu da frantziarra: "Nola egiten duzun ez dakizun egun horietako bat izan da".

Itzuliko liderra etapa hasi baino lehen ere izan da eguneko pasadizoaren protagonista, Iruñeko irteeran aurreikusitakoa baino sei minutu beranduago agertu baita, eta horrek 13:03rako aurreikusita zegoen bigarren etaparen hasiera atzeratu du.

Asteazken honetan, Basaurin (Bizkaia) hasi eta amaituko den hirugarren 152,8 kilometroko etapa jokatuko da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X