Gerra Ekialde Hurbilean
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iranek baztertu egin du Munduko Txapelketan parte hartzea, AEB eta Israelen eraso militarra dela eta

Iranek Belgika, Egipto eta Zeelanda Berriaren aurka jokatu behar zituen multzoen faseko hiru partidak Ameriketako Estatu Batuetan, horietako bi Los Angelesen eta beste bat Seattlen. Azaroan, Trumpek bermatu zuen jokalari eta teknikari irandarrek bisak izango zituztela AEBn sartzeko, baina ez haien zaleek.

seleccion-futbol-Iran

Irango jokalariak Errusiaren aurkako lagunarteko partida bat jokatu aurretik, 2025eko urriaren 10ean, Volvograden. Argazkia: Europa Press

Ahmad Donyamali Irango Kirol ministroak baztertu egin du gizonezkoen selekzioak uda honetan Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon egingo den Munduko Futbol Kopan parte hartzea, AEBk eta Israelek otsailaren 28an egindako erasoaren ostean bizi duten gerra egoera dela eta.

Iranek multzoen faseko hiru neurketak jokatu behar zituen Belgika, Egipto eta Zeelanda Berriaren aurka AEBetan, horietako bi Los Angelesen eta bestea Seattlen.

"Gobernu ustel honek gure buruzagia hil duenez, ez dago baldintzarik Munduko Kopan parte hartzeko, Iranen aurka hartutako neurri maltzurrak ikusita; izan ere, zortzi edo bederatzi hilabetean bi gerra inposatu dizkigute, eta milaka herritar hil dituzte. Beraz, ez dugu modu horretan parte hartzeko aukerarik", baieztatu du Donyamalik telebistan egindako elkarrizketa batean.

Ahmed Donyamiali, Irango Kirol ministroa

Zortzi edo bederatzi hilabetean bi gerra inposatu dizkigute, eta milaka herritar hil dituzte

Ordu batzuk lehenago, Donald Trump AEBko presidenteak Irango selekzioaren presentzia bermatu du Munduko Txapelketan, Gianni Infantino FIFAko presidenteak asteartean AEBko presidentearekin bildu ondoren. "Elkarrizketan, Trump presidenteak berretsi zuen Irango taldea, noski, ongi etorria dela txapelketan parte hartzera", esan du.

Azaroan, presidente estatubatuarrak bermatu zuen jokalari eta teknikari irandarrek bisak izango zituztela Estatu Batuetan sartzeko, baina ez zaleek, segurtasun nazionaleko arrazoiak argudiatuz.

Irakek bere lekua har lezake

Iranek 2026ko Munduko Txapelketatik alde egin izanak Asiako beste selekzio baten itxaropena piztu du: Irak. IZan ere, nazioarteko errepeskan aritzeko eskubidea irabazi zuen, baina ez dio toki bat ziurtatzen, lehiaketaren araudia anbiguoa baita.

Nolanahi ere, Asiako Konfederazioari emandako kupoari eutsiz gero (8.5 leku), Irakeko selekzioa izango litzateke ordezkoa, martxoaren 31n Monterreyn (Mexiko) Boliviaren eta Surinamen arteko finalerdiko irabazlearen aurka berraukerako norgehiagoka jokatu beharko lukeelako.

Kasu horretan, Arabiar Emirerri Batuetako taldeak aukera izan dezake, Iraken aurka galdu baitzuen Asiako play-offa. Iranek uko egin baino lehen, Irakek salatu zuen zer arazo dituen gerra dela eta berraukerako partida hori prestatzeko, eta horrek ere eragina izan dezake Emirerrien taldean.

"Aireko espazioaren itxieraren ondorioz, gure entrenatzailea, Graham Arnold, ezin da Arabiar Emirerri Batuetatik atera", salatu du asteazken honetan Irakeko futbol federazioak Instagramen.

"Gainera, hainbat enbaxada itxita daude une honetan, eta horrek galarazi egiten du hainbat jokalari profesionalek, teknikarik eta medikuk Mexikora sartzeko bisak lortzea", gaineratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X