Osasunak garaipena bereganatu du Athleticen aurka (1-0) Kopako finalerdietako joaneko partidan
Osasunak mendean hartu du Athletic (1-0) asteazken honetan, martxoaren 1ean, Sadarren jokatutako Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan, eta abantaila hartu du apirilaren 4an San Mamesen jokatuko den itzuliko neurketarako. Abdek sartu du lehiako gol bakarra, 47. minutuan.
Norgehiagokako lehen abagunea Osasunak izan du, 6. minutuan, baina Abderen jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da, baloiak Iñigo Martinezen bizkarra jo ostean. Etxeko taldearen lehen abisuaren ondoren, pixkanaka nagusitzen hasi da Athletic, eta, 14. minutuan, Iñaki Williamsek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, talde zuri-gorriko aurrelaria jokoz kanpo zegoelako errematea egin duenean. Gola sartzeko beste aukera bat izan du Athleticek 20. minutuan; Muniainek area barrutik egin duen jaurtiketa, ordea, langa gainetik joan da kanpora, zuri-gorrien kapitainak jokaldi bikaina egin eta gero.
Lehen zatiaren amaieran, bi taldeek baloi guztiak azkenak balira bezala borrokatu dituzte. Hala ere, bietako bat ere ez da gai izan gol aukerak sortzeko, eta estreinako 45 minutuak golik gabe bukatu dira (0-0).
Bigarren zatia bizi hasi da, eta 47. minutuan Osasunak gola sartu du (1-0): Abdek baloia hartu du, atzean utzi du Vivian, arean sartu da, jaurtiketa gurutzatua egin, eta Julen Agirrezabala atezaina gainditu du.
Golak konfiantza eman dio Osasunari, eta iparra aurkitu ezinda utzi du Athletic. Baloiaren jabe izan da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea, eta, ondorioz, Ernesto Valverdek aldaketak egitea erabaki du: Berenguer eta De Marcos kendu ditu, Raul Garcia eta Lekue zelairatzeko. Pixka bat geroago, Nico Williamsek Muniain ordezkatu du. Ia jarraian, Arrasatek ere aldaketak egitea erabaki du, eta Ruben Garcia, Kike Garcia eta Kike Barja sartu dira zelaira Budimirren, Chimy Avilaren eta Abderen ordez.
Aldaketek ez dute neurketaren gidoia aldatu, eta Athleticeko entrenatzaileak Guruzeta sartu du berdegunera, Iñaki Williams kenduta. Azken honek ere ez dio fruiturik eman Athletici, eta Osasunak taldea indartu du Ibañez eta Brasanac zelairatuta Orozen eta Moi Gomezen partez.
Osasunaren golaren ostean, ezer gutxi gertatu da Sadarren, baina Athleticek berdintzeko aukera argia izan du azken minutuan: Guruzetak area barruan jaso du baloia, errematea egin du, baina Sergio Herrerak desbideratu du aurrelari gipuzkoarraren jaurtiketa.
Amaieran, Osasuna garaile, 1-0eko emaitzarekin, eta festa izan da nagusi Sadarko harmailetan.
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David García, Juan Cruz; Torro; Chimy Avila (Ruben Garcia, 71. min), Aimar (Darko, 86. min), Moi Gomez (Pablo Ibañez, 86. min), Abde (Barja, 77. min); Budimir (Kike Garcia, 71. min).
0 – Athletic Club: Agirrezabala; De marcos (Lekue, 58. min), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri; Vesga; Dani Garcia; Berenguer (Raul Garcia, 58. min), Sancet, Muniain (Nico Williams, 65. min); Iñaki Williams (Guruzeta, 82. min).
Gola: Abde 1-0 (47. min).
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Budimir, Moi Gomez eta Darko Osasunako jokalariei, baita Berenguer, Vesga eta Iñigo Martinez Athleticeko futbolariei.
Zure interesekoa izan daiteke
Matarazzo, Kopako finalaz: "Aukera paregabea da"
Realeko entrenatzaileak, asteazkenean, talde txuri-urdinaren informazioaz arduratzen diren kazetariekin gosaldu du; topaketan, Errege Kopako finala izan dute hizpide, batez ere.
Maroan Sannadi: "Oso pozik nago, bueltan egoteak sentsazio ona ematen dit"
Maroan Sannadi Athleticeko jokalaria bueltan da, belauneko lesioa osaturik du eta. Nola sentitzen den azaldu du prentsaurrekoan.
Bayernek eta Atleticok kanporaketa bideratu dute, eta Galatasarayk aurrea hartu du
Turkiako taldeak ezustean harrapatu du Liverpool (1-0) kanporaketaren hasieran, Alemaniako taldeak Atalanta jipoitu dute Bergamon (1-6), koltxoneroek 5-2 irabazi diote Tottenhami eta Bartzelonak azken hatsean berdinketa (1-1) lortu du Newcastlen.
Realak 25.680 sarrera izango ditu Errege Kopako finalean
Horietako % 85 Realaren bazkideek jasoko dituzte. Realaren “fanzone” izenekoa, Sevillan, Carlos III.a etorbidean izango da, Cartujako geralekuaren ondoan.
Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Zorigaiztoko amaiera Alavesentzat Valentzian (3-2)
Talde babazorroak bi aldiz hartu du aurrea markagailuan, baina penalti batek eta Pacheco eta Guevararen kaleratze bikoitzak amaierarik txarrena eragin dute.
Cadizek kargutik kendu du Gaizka Garitano
Klubaren dinamika txarraren eta azken sailkatuaren aurkako porrotaren ondoren, klubak Derioko entrenatzailea baztertzea erabaki du.
Eibarrek madarikazioa hautsi eta denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo (0-1)
Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu du, Leganesen aurka 0-1 irabazita, Peru Nolaskoainen golari esker.
Athleticek onera egin du, baina ez da nahikoa izan Bartzelona garaitzeko (0-1)
Zuri-gorriek dena eman dute zelaian, eta beste partida batzuetan falta izan zaien garra ikusi da jokoan, baina, hala ere, ezin izan dute Ligako liderra garaitu.
Realak ezin izan du berdindu Atleticoren jokoa (3-2)
Bi aldiz berdindu dute markagailua, Solerren eta Oyarzabalen golekin, baina Ivan Gonzalezek azken minutuetan sartutako golak punturik gabe utzi ditu txuri-urdinak.