ERREGINA KOPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bera Berak Aula Valladolid menderatu du (32-26), eta Elda izango du aurkari Erregina Kopako finalerdietan

Finalaurreko hori larunbatean jokatuko dute, 18:45ean, eta irabazlea Rocasaren edo Atletico Guardesen aurka arituko da igandean, finalean. Final laurdenetako kanporaketan, ostiralean, Imanol Alvarezen taldeak merezita hartu du mendean Aula Valladolid, Illunben. 

Bera Bera jokalariak garaipena

Bera Berak merezita irabazi du final laurdenetako kanporaketa. Argazkia: EITB

Super Amara Bera Bera 2025-2026 denboraldiko Erregina Kopako finalerdietarako sailkatu da ostiral gauean, Illunben; izan ere, final laurdenetan Aula Valladolid kanporatu du, 32-26 gailenduta. Euskal taldeak Elda izango du aurkari finalerdietan, larunbatean, 18:45ean, eta partida horretako irabazlea Rocasaren edo Atletico Guardesen aurka arituko da finalean, igandean; azken talde horrek Replasa Beti-Onak utzi du txapelketatik at.

Lehenengo zatian, Bera Bera ia-ia hasieratik jarri da aurretik, eta nagusi izan da. Imanol Alvarezen jokalarien joko azkarrak hainbat arazo sortu dizkio Aula Valladolid taldeari. Nolanahi ere, Donostiako taldearen aurkariak ere erantzun nahiko ona eman du aurreneko 30 minutuetan, eta 6 goleko errentarekin heldu da Bera Bera atsedenaldira, 19-13. Hortaz, nahiz eta euskal taldea gailentzen ari zen, kanporaketa ez zegoen erabakita.

Naroa Baquedanok ondo gidatuta, Aula Valladolidek Bera Berak baino hobeto ekin dio bigarren zatiari, eta 3 golera hurbildu da, 21-18. Dena dela, Gipuzkoako taldeak berehala berreskuratu du kontrola; Bera Berak 4-5 goleko aldea izan du une oro, eta horrek konfiantza eman dio.

Norgehiagokako azken minutuetan, Bera Berak ez du zailtasunik izan garaipena bermatu eta, hala, finalerdietarako sailkapena poltsikoratzeko. Horrenbestez, larunbatean, Eldaren aurka, Donostiako taldeak finalerako txartela izango du jokoan. Final laurdenetan Aula Valladoliden aurka ere gertatu denez, Bera Bera da irabazteko faborito. Kantxan ikusi beharko da, ordea, bi taldeetako zein den indartsuena.

Fitxa teknikoa

32 - Super Amara Bera Bera: Prades, Wigins -atezainak- Amores (5), Arroyo (1), Elba Alvarez (7, 4p), Rodrigues (4), Etxeberria (4), Laura Hernandez (1), Ogonovszki (1), Kruijswik (3, 1p), Elke Karsten (1), Erauskin (3), Gavilan (2), Ishikawa, Urretavizcaya, Fresco.

26 - Caja Rural Aula Valladolid: Carratu, Sanz -atezainak-, Patiño (7), Lucio (5), Monteagudo (5, 2p), Baquedano (5), Mónica Gutierrez, Sanz, Jallow (1), Clara Gutierrez, Sabina Bergara (2), Alonso, González de Garibay, Gorbatsjova, Guerra (1).

Epaileak: Jose Carlos Friera eta Andres Rosendo.

Markagailua, bost minutuero: 4-3; 8-5; 10-6; 14-9: 17-11; 19-13 -atsedenaldia- 20-16; 23.18; 25-20; 27-22; 29-24; 32-26.

Nabarmentzekoa: 3.000 zale baino gehiago, Ilunben.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X