Oriok abantaila hartu du, baina datorren igandean erabakiko da bandera
San Nikolas ontziak, lehen txanda irabazita, 3 segundoko aldea atera dio Donostiarrari. Torrekua II.a ontziak ez dizkie gauzak batere erraz jarri estropadan mirotzei. Zierbenak irabazi du bigarren txanda, eta ohorezko txanda osatuko du, Hondarribiarekin batera, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Bermeok 3 segundoko zigorra jaso du, eta 5. postuan amaitu du.
Ez dago ezer erabakita. Orio izan da azkarrena Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, baina 3 segundoko abantaila bakarrik atera dio Donostiarrari. Lehen txandan, Torrekua II.a ontziak asko estutu du San Nikolas.
Hurrengo igandeko ohorezko txanda Zierbenak eta Hondarribiak osatuko dute, bigarren txandako lehenengoak eta bigarrenak, eta 11 eta 23 segundoko desabantaila berreskuratzen saiatuko dira, hurrenez hurren. Berdeek Bermeori jarritako 3 segundoko zigorra aprobetxatu dute onenekin egoteko.
Lehen txandan, Orio topera hasi da. Badiatik irten eta uhartea igaro aurretik, 3 segundoko abantaila hartu die gainerako ontziei. Lehen luzearen erdian, Donostiarrak (freskoago heldu da asteazkenean ez baitzuen jokatu behar izan sailkatzeko estropada) aldea txikitu du, eta estropadaren burua ere hartu du. San Nikolas ontziak, ordea, ondo eutsi dio etxeko traineruaren kolpe horri, eta ziabogan galdutakoa berreskuratu du.
Ziaboga egin ostean, aldea 6 segundora handitu dute Eusko Label Ligako txapeldunek, baina Torrekua II.a ez zegoen prest bere aukerei uko egiteko. Gorka Aranberri saiatu da eremua irabazten bere burua ondo defendatu duen Donostiarraren kalean sartuta. Hala ere, Arkaitz Diazen mutilek ondo estutu dute Orio, eta segundo bakarrera jarri dira berriro badian sartu direnean, Oriok (epailearen aginduz) bere norabidea aldatu behar izan duela aprobetxatuz. Azkenean, 3 segundoko tartea izan da helmugan. Getaria eta Ondarroa oso urrun ibili dira hasieratik.
Bigarren txandan, berriz, Hondarribia da indartsu hasi dena. Aquariuma igaro aurretik, bi segundora zituen Zierbena eta Bermeo. Estropadak aurrera egin ahala, baina, galipoek errenta murriztea lortu dute eta ziaboga egin aurretik buruan jarri dira, Ama Guadalupekoa eta Bou Bizkaia bigarren posturako lehian zirela.
Hortik aurrera, Zierbenak beste martxa bat sartu du, eta itzulikoan beste traineruekiko aldea handituz joan da, helmugan 10 segundoko aldea lortzeko. Hondarribia eta Bermeo nor baino nor gehiago aritu dira, batez ere datorren igandeko ohorezko txandan egotea jokoan zutelako. Azkenean, Asier Zurinagaren mutilak helmugaratu dira bigarren postuan, hortzak estututa; Hondarribia izan da hirugarren, eta Lekittarra laugarren, estropada osoan zehar urruti ibili ondoren.
Hala ere, Bermeok maniobra arraroa egin du helmugaratu aurretik, eta Hondarribia jo du estropada amaitu baino ez. Ondorioz, Bou Bizkaia ontziak 3 segundoko zigorra jaso du, eta berdeek sailkapen nagusian aurrea hartu diote Bizkaiko ontziari, hurrengo igandean ohorezko txandan egoteko, Orio, Donostiarra eta Zierbenarekin batera. Asier Zurinagaren mutilak, Lekittarra, Getaria eta Ondarroa arituko dira lehen txandan.