Getxoko Ikurrina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bermeo, amesgaiztotik loriara Getxoko Ikurrina irabazita

Lehen txandan aterata, denborarik onena egin du; Getaria izan da bigarren, eta Lekittarra, berriz, hirugarren. Bestalde, ohorezko txandakoek egun beltza izan dute, eta onena, Zierbena, zazpigarren postuan sailkatu da.

Bermeo Getxoko Ikurrina astintzen

Bermeo, Getxoko bandera jaso berritan. Argazkia: EITB

Bermeo amesgaiztotik loriara igaro da gaur, atzo Donostian, Fabrika Banderan, bigarren ziabogan buia istriborrean uzteagatik kanporatua izan ondoren, Getxon denborarik onena egin baitu lehen txandan arituta. Hala, hirugarren bandera eskuratu du, Eusko Label Ligako 9. estropadan. 

Bermeo izan da lehen txandako berritasuna. Fabrika Banderan balizarekin izandako arazoak estropadatik kanporatzea eragin zuen, eta, ondorioz, beheko postuen lehian ari direnekin egin behar izan du arraun hurrengo estropadan, gaurkoan. Bestalde, Chapela buian trabatuta geratu da lehen ziabogan, eta oso atzean geratu da. Lekeitio eta Ares bikain hasi dira lanean, olatu onak hartuz, baina balio dutenak azken luzeak dira, eta hor Bermeok bere nagusitasuna erakutsi du. Bou Bizkaia 20 minutu eta 43 segundoko denbora eginda helmugaratu da, bere txandako lehiakideak atzean utzita. Lekittarra 17 segundora iritsi da, eta sailkapeneko hirugarren postua lortu du azkenean. Ares 28ra heldu da, eta Chapela, berriz, 48ra.

Ohorezko txandan, Zierbenak aurrea hartu die lehiakideei lehen paladetan, eta tartea atera die Orio eta Donostiarrari; Hondarribia, berriz, bere txandako lehiakideen erritmoari eutsi ezinik zegoen ordurako. Hala, bigarren ziabogan, Zierbenak 8 segundora zuen Orio, eta 14ra Donostiarra. Hala ere, itsasoaren egoera ikusita, txanda honetakoek baldintzarik txarrenak izan dituzte. Horrela, ohorezko txandako irabazlea, Zierbena, sailkapen nagusiko zazpigarren postuan sailkatu da, Orioren aurretik. Donostiarra eta Hondarribia sailkatu dira txanda horretan hirugarren postuan eta laugarrenean, hurrenez hurren.

Bigarren txandan, inor ez da gai izan Getariaren erritmoari eusteko. Oso nagusi izan da, eta martxa bat gehiago sartu du, Bermeok egindako denbora hobetzen saiatzeko. Hortxe ibili da Esperantza ontzia, baina azken luzeetan nekea nabaritu du, eta 20 minutu eta 52 segundoko denbora eginda bukatu du lana; ondorioz, bigarren postuan sailkatu da, Bermeok baino 9 segundo gehiago eginda. Santurtzi 17 segundora heldu da, Ondarroa 25era eta San Juan 41era.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X