Donostiako estropada jokatu egingo dute, larunbatean, baina TKEk lurreko azpiegiturak egokituko ditu
Baldintza meteorologiko oso txarrak iragarrita daudela kontuan izanik, ez dira zaleentzako gunea eta gonbidatuen tribuna jarriko, eta agintarien ontzirik ez da aterako. Estropadak, baina, jokatu egingo dituzte, TKEk adierazi duenez.
Argazkia: Aitor Arrizabalaga/TKE
Fabrika Bandera, alegia, larunbatean jokatzekoa den Donostiako estropada, egin egingo dute, baina Traineru Kluben Elkarteak (TKE) lurreko azpiegiturak egokituko ditu. Baldintza meteorologiko oso txarrak iragarri dituztela kontuan izanik, ez dira zaleentzako gunea eta gonbidatuen tribuna jarriko, eta agintarien ontzirik ez da aterako. Estropadak, baina, jokatu egingo dituzte, TKEk ostiral arratsaldeko azken orduan adierazi duenez.
Prentsa ohar bidez TKEk jakinarazi duenez, “larunbaterako iragarrita dagoen eguraldi txarraren aurrean, lurreko logistika eta azpiegiturak berregituratzea erabaki dugu, bertaratutakoen zein langileen segurtasuna bermatze aldera. Prebisio meteorologikoak ikusita, erakundeak bertan behera utziko ditu ohiko protokolo eta aisialdi eremuak; horrela, ez da fan zonerik jarriko, ez eta gonbidatuen tribunarik ere, eta ez da agintarien ontzirik aterako. Lurrean, tribuna teknikoa bakarrik mantenduko da, ezinbestekoa baita epaileen lana, kronometrajea eta telebista emankizuna ziurtatzeko”.
“Kirol arloari dagokionez”, ordea, eta eguraldi iragarpena berresteko zain, "estropadak aurreikusitako moduan egingo dira. Une honetan ditugun itsas txostenen arabera, uren egoerak lehiaketarekin jarraitzea ahalbidetzen du, arraunlarien segurtasuna ziurtatuz. Batzorde teknikoak eta itsasoko epaileek une oro jarraituko dute uren bilakaera, eta estropada hasi aurreko azken momentuan eguraldiak okerrera egingo balu, beharrezko erabakiak hartuko lirateke arraunlarien segurtasuna babesteko”, nabarmendu du TKEk.