Oriok liga erabakita uzteko kolpea eman nahi du Zarautzen
Orio da larunbatean eta igandean jokatuko den Zarauzko Bandera eskuratzeko faborito nagusia, eta garaipena lortzen badu, ia erabakita utziko du Eusko Label Liga, Donostiarra bigarren sailkatuarekiko abantaila handia baitauka.
San Nikolas ontziak 9 bandera bereganatu ditu jada, eta Urdaibairen marka (14) hobetzea da oriotarren bigarren erronka nagusia.
Edonola ere, Zarauzko uretan gailentzea ez zaie erraza izango. Donostiarra indartsu dago, eta atzetik aurrerakoa egiten ari da. Halaber, Zierbenak denboraldi honetan bi aldiz erakutsi du Orio ez dela menderaezina.
Zarauzko Bandera berezia da, bi egunetan lehiatzen delako. Bi jardunaldietako denborak batuta erabakitzen da irabazlea, baina, ligari dagokionez, bi jardunaldiak dira puntuagarriak. Hau da, bi jardunaldietan, estropadako garaileak 12 puntu pilatuko ditu, eta azkenak bakarra.
Aurreikuspenak betetzen badira eta Zarauzko Bandera Oriok irabazten badu, liga eskura izango du; izan ere, 24 puntura du Donostiarra, eta sei bandera soilik geratuko lirateke lehiatzeko. Horrenbestez, hondamendi bat gertatu beharko litzateke Orio titulurik gabe gelditzeko.
Euskotren Ligari dagokionez, Donostia Arraun Lagunak da hautagai nagusia Zarauzko Bandera eskuratzeko, eta garaipena lortuz gero, liga bideratuta utziko luke.
Alabaina, donostiarrak ezin dira gehiegi fidatu, Orio 6 puntura soilik baitago sailkapenean, eta asteburu honetan huts eginez gero, liga asko estutuko delako.