Viktoria Chladonova eslovakiarra, 23 urtez azpiko errepideko txirrindularitzako munduko txapelduna
Isabella Holmgren kanadiarra zilarra izan da eta Fleur Moors belgikarra brontzea. Paula Ostiz nafarra hamaseigarren helmugaratu da, irabazlearengandik 3:40 minutura.
Viktoria Chladonova eslovakiarra 23 urtez azpiko errepideko txirrindularitzako munduko txapelduna da, gaur arratsaldean Montrealen (Kanada) jokatutako lasterketa irabazi ondoren. Eslovakiarrak Isabella Holmgren etxeko txirrindularia gainditu du helmugan. Bi txirrindulariak elkarrekin iritsi dira helmugara, baina eslovakiarra esprintean askoz azkarragoa izan da.
Holmgrenek zilarrarekin konformatu behar izan du, eta Fleur Moors belgikarrak brontzea lortu du, atzetik zetorren beste taldetxo batean helmugaratu ostean, irabazlearengandik 33 segundora.
Bestalde, Paula Ostiz nafarrak meritu handiko hamaseigarren postua sinatu du, Chladonovarengandik 3:40 minutura. Txirrindulari iruindarra uneoro egon da lehian, baina denbora gehiegi galdu du lasterketaren azken txanpan.
Bestalde, Irati Aranguren usurbildarrak erorikoa izan du lehen itzulian, eta lasterketa utzi behar izan du.
134 kilometroko ibilbidea bete dute txirrindulariek, Mont-Royaleko zirkuituari hamar itzuli emanda, 2.690 metroko desnibel positibo metatuarekin eta Camillien-Houdeko igoera gogorrarekin.
Chladonovarentzat, garaipenak 2025eko Munduko Txapelketaren errebantxa suposatzen du; izan ere, Kigalin bigarren izan zen 23 urtez azpiko bai errepideko proban bai erlojupekoan.
Eslovakiarra ere podiuma zapaltzeko zorian izan zen iragan astelehenean Montrealen, Felicity Wilson-Haffenden australiarrak irabazi zuen 23 urtez azpiko erlojupekoan laugarren amaitu ostean.