Remco Evenepoel eta Marlen Reusser, munduko txapeldunak erlojupekoan
Txirrindulari belgikarra laugarrenez izan da munduko azkarrena erlojuaren kontrako saioan; eta, txirrindulari suitzarrak, berriz, bigarren urtez jarraian eskuratu du urrezko domina.
Remco Evenepoel belgikarra eta Marlen Reusser suitzarra munduko txapeldun bilakatu dira, erlojuaren kontrako saioan, Montrealen (Kanada) lehiatzen ari diren txirrindularitzako Munduko Txapelketan.
Lehendabizi, emakumeak lehiatu dira, eta 39,2 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute erlojuaren aurka. Iaz bezala, Marlen Reusser izan da azkarrena, lanak 50 minutu eta 24 segundoan amaituta.
Zoe Bäckstedt britainiarra izan da bigarrena eta Franziska Koch alemaniarra hirugarrena.
Bestalde, ezustean, Lotte Kopecky belgikarra eta Demi Vollering herbeheretarra bost onenen zerrendatik kanpo geratu dira.
Arratsaldean iritsi da gizonezkoen txanda, eta lehia horretan Evenepoelek aurreikuspen guztiak bete ditu. Laugarrenez segidan lortu du urrezko domina, erlojua 44 minutu eta 53 segundoan geldituta.
Filippo Ganna italiarrak bereganatu du zilarra, eta Paul Seixas frantziar gaztearentzat izan da brontzea.