Romeok erakustaldia eman eta etapa irabazi du Padronen, eta Pinarello da lider berria
Movistar taldeko txirrindulariak irabazi du O Gran Camiñoko hirugarren etapa, Carballo eta Padron artean. 22 urteko txirrindulari gazteak seigarren garaipena du profesional mailan.
Ivan Romeo Movistar taldeko txirrindulari gaztea Padroneko podiumean. Argazkia: EFE
Ivan Romeo Movistar taldeko txirrindulariak irabazi du O Gran Camiñoko hirugarren etapa, ostegun honetan Coruñako Carballo eta Padron herrien artean jokatu dena. 22 urteko txirrindulari gazteak seigarren garaipena du profesional mailan.
Hasiera batean, behin-behineko sailkapen nagusian, Jorgen Nordhagen norvegiarra (Visma Lease a Bike) eman dute lasterketako lider berritzat, baina ondoren O Gran Camiñoko antolakuntzak Alessandro Pinarello zela jakinarazi du, etapako hiru esprintetako “gainsariak berriro aztertu” ondoren.
NSN Cycling Teameko txirrindularia norvegiarrarekin denboran "berdinduta" dago, baina bihar Xinzo de Limiatik horiz jantzita irtengo da.
Laugarren etapak 155,5 kilometroko ibilbidea du, 3.103 metroko desnibela eta hiru mendate puntuagarri. Cabeza de Medako igoera erabakigarria izan daiteke.