Tiberik Jebel Mobrah mendatean garaipena lortu du, eta lidergoa kendu dio Evenepoeli
Italiarra indartsuena izan da faboritoen artean, bakarrik helmugaratu baita World Tour lasterketa batean bere lehen garaipen erdietsiz. Gainera, maillot gorria jantzi du. Del Toro bigarren izan da; Evenepoelek, aldiz, denbora asko galdu du.
Antonio Tiberi (Bahrain Victorious) italiarrak kolpe bikoitza eman du gaur etapa garaipenarekin eta lidertzarekin, Umm al Quwain eta Jebel Mobrah artean jokatu den UAE Tourreko hirugarren etapan (183 km). Arabiar Emirerri Batuetako lasterketan mendiko lehen etapa izan da gaurkoa. Isaac del Toro mexikarra bigarren sailkatu da, eta aurreko maillot gorria, Remco Evenepoel belgikarra, sailkapenean hondoratu da.
Jebel Mobrahko borroka handian, Antonio Tiberi (Frosinone, 24 urte) izan da faboritoen artean indartsuena, eta bakarrik helmugarartu da, World Tour lasterketa batean bere lehen garaipena lortuz. Gainera, maillot gorria jantzi du.
Tiberik helmugatik 6 kilometrora erantzun dio Felix Gall austriarraren eraso bati, eta amaieratik 3 kilometrora egin du kontraerasoa, atzera berriro ez begiratzeko, eta etapa 4h: 24:57ko denborarekin irabazi du, 41,4 kilometro orduko batez bestekoarekin. Isaac del Toro izan du atzetik, 15 segundora, eta sailkapen nagusian 21 segundora jarri da mexikarra.
Eguneko porrota Adam Yatesek (UAE) jaso du, 1:38ra, baita Evenepoelek ere, 2:04ra. Sailkapen nagusian, lehen euskalduna Markel Beloki izan da, 3 minutura.
Laporte, lider Andaluzian
Bestalde, Christophe Laporte Visma – Lease a Bike taldeko txirrindulari frantziarrak irabazi du gaur Andaluziako Itzuliko lehen etapa, Pizarra herrian (Malaga), esprint oso itxi batean, 3 ordu, 34 minutu eta 39 segundoko denborarekin.
Frantziarra ondo kokatuta iritsi da azken txanpara, eta bikain baliatu du bere taldearen lana indar handiz esprintatzeko eta garaipena lortzeko, Bastien Tronchon (Groupama-FDJ) herrikidearen eta Ben Oliver (Modern Adventure Pro Cycling) zeelandaberritarraren aurretik.
Jon Barrenetxea bizkaitarrak (Movistar) bederatzigarren postuan bukatu du lasterketa, garailearen denbora berarekin.
Magnierrek esprintean irabazi du Algarven
Azkenik, Paul Magnier (Soudal Quick-Step) frantziarra nagusitu da esprintean Algarveko itzulian. Bederatzi txirrindularik ihesaldia goiz osatu dute bost kilometroren ostean, baina Soudal Quick-Step eta Alpecin–Premier Tech taldeetako txirrindulariek tropelarekiko aldea kontrolatu dute une oro. Ihes egindako azken txirrindularia helmugatik 25 kilometrora harrapatu dute, eta etapa esprintean erabaki da.