Visma taldea nagusi izan da Cariko igoeran, eta Vingegaardek Giroa erabakita utzi du
Tropelak eguneko ihesaldia azken igoerako lehen aldapetan harrapatu du, eta, Team Visma-Lease taldeak gidatuta, erritmo gogorra ezarri du Cariko aldapa gogorretan (11,6 km % 8ra). Vingegaardek erasoa jo du helmugatik 6 kilometrora, eta bere laugarren etapa garaipena lortu du.
Jonas Vingegaardek laugarren etapa garaipena lortu du Carin. Argazkia: EFE
Aurkaririk gabe, eta Giroko nagusia dela erakutsiz, Jonas Vingegaard danimarkarrak (Visma-Lease a Bike) besoak altxatu ditu laugarrenez, Bellinzona eta Cari gailurra lotu dituen Italiako Giroko hamaseigarren etapan (113 km).
Vingegaardek hiru itzuli handietako irabazleen zerrendan jarri nahi du bere izena. Hillersleveko txirrindulariak beste erakustaldi batekin bete du gidoia, helmugatik 6,6 kilometrora. Horrela, garaipen pokerra erdietsi du dagoeneko, Pogacarrek 2024an lortu zituen sei etapetara hurbiltzeko.
Beste musu bat eman dio gaur eskulekuan daraman familiaren argazkiari. Erasoak ohiko protokolora eraman du. Besoak 2h.57.11ko denboran altxatu ditu, 38,2 kilometro orduko batez besteko abiaduran. Ondoren, Felix Gall eta Jay Hidley helmugaratu dira,1:09 eta 1:11 minutura, hurrenez hurren, eta Arensman 1:14ra. Egan Bernal kolonbiarrak 2:07ra gurutzatu du helmuga, zazpigarren.
Vingegaarden agindupean, orain Felix Gall da bigarren podiumean 4:03 minutura, Arensman hirugarren 4:27ra, eta Afonso Eulalio portugaldarra bosgarrenera jaitsi da, 5:40ra. Bernalek top 10a ixten du.
Bost gizonek osatu dute eguneko ihesaldia: Ciccone, Einer Rubio, Chris Harper, Jhonatan Narvaez eta Diego Ulissi, baina maglia arrosak Carin garaipena lortzeko asmoa zuen.
Ihes egindako txirrindulariek albiste txar bat jaso dute: Felix Gallen Decathlon taldea, Vismarekin batera, tropelaren buruan lanean hasi da, ihesaldia harrapatzeko. Errenta txikitzen joan da. Tropelera erori dira Narvaez eta Ciccone helmugatik 16ra, gero Rubio, eta azkenik Harper. Australioako txirrindularia, 2025ean Sestrieren irabazi zuena, azken mendatean bertan harrapatu dute.
Vingegaarden hiru txirrindulari buruan jarri dira igoeraren hasieran. Kolore horiak Danimarkako buruzagiaren arrosa babesten zuen, jadanik eraso bortitza prestatzen hasita. Campenaertsek taldea estutu du, eta Afonso Eulalio portugaldarrak tartea galdu du. Ondoren, Piganzoli gazteak Kussen lekukoa hartu du, aurreikusitako ekaitza iragartzen zuen urratsa. Zortzi txirrindulari geratzen ziren buruan, helmugatik 7 kilometrora.
Tontorretik 6,6ra Piganzoli aldendu da, eta Vingegaard ziztu bizian atera da. Erritmo aldaketa eta gero arte, mutilak. Daniarrak aldapan iltzatuta utzi ditu Bernal, Arensman eta Hindley. Igandean, Erroman, Giroko irabazle bezala sartuko dena gladiadorearen laugarren bakarrizketa izan da. Musutxo bat argazkian, bere emazte eta seme-alaben argazkiari eskulekuan, eta besoak zerura altxatu ditu berriro.
Jonas Vingegaard, Giroko liderra
Maglia arrosa jantzita garaipena lortu nahi nuen
"Nire taldekideak eta ni oso motibatuta geunden maglia arrosarekin garaipena lortzeko. Gaizki atera zitekeen, baina lehen aukeran saiatzea erabaki genuen, huts eginez gero, beste bat izango genukeelako oraindik", azaldu du liderrak helmugan.
"Oso igoera polita eta gogorra izan da, luzea gainera, ordu erdi behar izan dugu tontorra egiteko. Berriro ere nire taldekideek sekulako lana egin dute, hasieratik tiratu dute eta ez diote ihesaldiari aukerarik eman. Azken igoeran tropela txikitu dute, eta nik nire onena eman besterik ez nuen", azpimarratu du.
"Taldekideak nire lagun handiak dira, eta polita izan da hemen pedalei eragitea eta haien babesa izatea. Suitzan irabaztea ere berezia da, oso ondo ezagutzen dudan lekua baita. Egunez egun noa. Orain lau etapa geratzen zaizkit, ikusiko dugu zer egin dezakegun geratzen diren egunetan", esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon