2026ko Italiako Giroko 20. etaparen ibilbidea, profila eta ordutegia: Gemona del Friuli-Piancavallo (200 km)
109. Italiako Giroaren azken-aurreko etapako azken hirurogeita hamar kilometroetan, txirrindulariek bi aldiz igo beharko dute Piancavallo lehen mailako mendate gogorra. Hor, Piancavallon, eguna amaituko da, eta ziklistei soilik beste etapa bat geldituko zaie, Erromakoa; hortaz, ia-ia dena erabakiko da 20. etapa honetan.
Irudia: EITB.
2026ko Italiako Giroko 20. etapa, alegia, 109. Italiako Giroko azken-aurreko etapa, maiatzaren 30ean jokatuko dute, larunbatez. 200 kilometroko ibilbidea du, Gemona del Friulin hasita eta Piancavallon amaituta; aurreikuspena da ziklistak 10:45ean abiatzea eta irabazlea 15:44tik 16:18ra bitartean helmugaratzea. EITBren zuzeneko emanaldia 10:45ean hasiko da kirolakeitb.eus-en, eta 15:10ean ETB1en ere izango da ikusgai etapa.
Guztira, parte-hartzaileek hiru igoera puntuagarri izango dute egun honetan. Kontua da hiru igoera horiek bi mendateri dagozkiela; izan ere, bi mendate horietako bat, Piancavallo, bi aldiz igo beharko dute. Aurretik, 85,8. kilometroan, hirugarren mailako Clauzetto izango dute; gogorrena amaieran izango da, Piancavallorako bi igoerak etapako azken hirurogeita hamar kilometroetan egin beharko baitituzte.
Piancavallo igoera luzea eta gogorra da. 14,5 kilometro ditu, eta, batez beste, % 7,8ko malda; aldapa batzuk % 14koak ere badira. Mendate horretan irabazi duten txirrindularien izenei erreparatuta, nabarmentzeko modukoa da nola Mikel Landa den irabazle horietako bat; murgiarra 2017ko Giroan gailendu zen bertan, 19. etapan. Marco Pantanik ere eskuratu zuen garaipena Piancavallon, 1998an, hau da, italiarrak Giroa irabazi zuen ekitaldian.
Piancavalloko podiumean maglia arrosa jantzita igotzen den gizonak aukera handia izango du biharamunean ere, Erroman, 2026ko Italiako Giroko azken maglia arrosa janzteko; alegia, balio handiena duen maglia arrosa.
Fitxa teknikoa:
Etapa: 20. etapa (maiatzak 30, larunbata)
Ibilbidea: Gemona del Firuli 1976/2026 – Piancavallo
Distantzia: 200 km
Hasiera-ordua: 11:15
Amaiera ordua: 16:18 (38 km/h) | 16:00 (40 km/h) | 15:44 (42 km/h)
Mendiko saria: Clauzetto (3. maila), 85,8. kilometroan; Piancavallo (1. maila), 147,3. kilometroan eta 200. kilometroan
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon