Segaertek erasoa jo du eta ezustean gailendu zaie esprinterrei Novi Liguren
Bahrain Victorious taldeko belgikarrak erasoa jo du helmugarako 2,8 kilometrora, tropelak ez du garaiz erantzun, eta helmugan aurkeztu da esprinter nagusienekiko metro batzuetako aldearekin.
Alec Segaert belgikarra (Bahrain Victorious), helmugan. Irudia: EITB
Alec Segaert (Bahrain Victorious) belgikarrak irabazi du Italiako Giroko hamabigarren etapa, Imperia eta Novi Ligure artean jokatu dena (175 km). Afonso Eulalio portugaldarrak, Segaerten taldekideak, maglia arrosari eutsi dio.
Segaertek ezustean jo du erasoa helmugarako 2,8 kilometro falta zirenean, tropelak ez du garaiz erantzun, eta helmugan aurkeztu da esprinter nagusienekiko metro batzuetako aldearekin. Toon Aerts herrikidea bigarren izan da, eta Guillermo Thomas Silva uruguiatarra hirgarren.
Sailkapen nagusian ez da aldaketa esanguratsurik izan, eta Eulalio portugaldarrak maglia arrosari eutsi dio, baina bere abantaila zertxobait areagotu du, helmugan sei segundoko gainsaria lortu baitu. Bahrain taldeko txirrindulariak 33 segundoko aldea du Jonas Vingegaard danimarkarrarekiko (Visma) eta 2:03koa Thymen Arensman nederlandarrarekiko (Netcompany Ineos).
Alec Segaert, etapa garailea
Hau bikaina da, sinestezina, gainera nire lehen Giroa da
Segaert pozarren agertu da komunikabideen aurrean, garaipena lortu ondoren. "Hau bikaina da, sinestezina, gainera nire lehen Giroa da. Gaztetan maiz etortzen nintzen Italiara, eta maillot arrosa ere jantzi nuen Next Gen Giroan, baina orain profesionaletan irabaztea sekulakoa da. Gure Giroa ikaragarria zen Afonso Eulalioren lidergoari esker, orain hau zoragarria da", azpimarratu du helmugan.
"Nire aukera zen, denak topera zihoazen, eta azken ahalegina egin behar nuen. Noiz erabaki nuen erasoa jotzea? Bart bertan", esan du, barrezka. "Irabaztea da dagoen onena. Erlojupekoan mailarik onena ez eman ostean, hau zen modurik egokiena lasterketara itzultzeko ", nabarmendu du.
Ostiral honetan hamahirugarren etapa jokatuko da, 189 kilometrokoa, Alessandria eta Verbania artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon