MAIATZAK 22, OSTIRALA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

2026ko Italiako Giroko 13. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Alessandria-Verbania (189 km)

Azken 30 kilometroak dira gogorrenak etapa honetan, larunbateko mendiko etapa handiaren aurreko egunean; Ungiasca mendatea atzean utzita, hamahiru kilometro geldituko zaizkie txirrindulariei, eta mendate horrek % 10etik gorako maldak ditu; hortaz, erabakigarria izan liteke.

13 ETAPA

Irudia: EITB.

109. Italiako Giroko hamahirugarren etapa, hau da, lasterketako 2026ko ekitaldiko hamahirugarren lehiaketa eguna, maiatzaren 22an izango da jokoan, ostiralez. 189 kilometroko jardunaldia da; Alessandrian hasiko da, 12:40an, eta Verbanian amaitu, 17:01etik 17:25era bitartean. Profilean, bi mendate puntuagarri izango dira: laugarren mailako Bieno eta hirugarren mailako Ungiasca; azken horretako aldapa batzuek % 10etik gorako desnibela dute. Jardunaldiko gogorrena azken 30 kilometroan izango dute ziklistek, eta horrek are erakargarriago bilakatzen du etapa; eta ezin da ahaztu, gainera, hurrengo eguneko etapa, Pilan amaituko dena, biziki gogorra izango dela.

Philippe Gilbertek irabazi zuen Verbanian, 2015eko Giroan, eta 1992an Franco Chiocciolik, alegia, 1991ko sailkapen nagusian gailendu zen gizonak. Filippo Ganna, erlojupekoetan espezialista bikaina bera, herri horretan jaio zen, eta Ivan Basso txapeldun handiaren sorterritik oso gertu. Biek ala biek ondo baino hobeto ezagutuko dute Ungiascako igoera; arestian esan bezala, helmuga bertatik oso gertu kokatu dute, eta ez da mendate samurra.

Biharamunean, ekitaldiko etapa nagusietakoa izango du Giroak, eta ikusi beharko da, hartara, nola moldatzen diren lasterketa kontrolatu nahirik ibiliko diren taldeak. Ohi bezala, kirolakeitb.eus-en izango da ikusgai, bai eta, 15:10etik aurrera, ETB1en ere, Ez da Giro saioan. 

Fitxa teknikoa:

Etapa: 13. etapa (maiatzak 22, ostirala)

Ibilbidea: Alessandria - Verbania

Distantzia: 189 km

Hasiera-ordua: 12:55

Amaiera-ordua: 17:25 (42 km/h) | 17:13 (44 km/h) | 17:01 (46 km/h)

Mendiko saria: Bieno (4. maila), 167,7. kilometroan; Ungiasca (3. maila), 175,7. kilometroan

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X