Jhonatan Narvaezek bigarren garaipena eskuratu du Italiako Giroan
Jhonatan Narvaez ekuadortarra bakarka helmugaratu da, Fermon, maldan gora bukatu den etapan. Berarekin batera eguneko ihesaldian izan den Andreas Leknessund novergiarra izan da bigarrena, minutu erdira. Sailkapen nagusian, berriz, ez da aldaketarik egon.
Jhonatan Narvaez, helmugan.
Jhonatan Narvaez (UAE) ekuadortarrak irabazi du Italiako Giroko 8. etapa, eta, ondorioz, bigarren garaipena bereganatu du aurtengo edizioan, laugarren etapan ere bera gailendu baitzen.
Harekin batera eguneko ihesaldian izan den Andreas Leknessund (UXM) novergiarra izan da bigarrena, eta hirugarren tokian sailkatu da haren taldekide eta herrikidea den Martin Tjotta.
Sailkapen nagusian, berriz, ez da aldaketarik izan, eta beste egun batez Alfonso Eulalio (Bahrain-Victorious) portugaldarrak eramango du liderraren maglia arrosa.
Chieti eta Fermo udalerrien artean lehiatu da Italiako Giroko 8. etapa, eta txirrindulariek 156 kilometro egin behar izan dituzte, ibilbide gorabeheratsuan.
Lasterketa polita eta bizia izan da. Hasieratik erasoaldi ugari izan dira, eta hainbat txirrindulari saiatu dira aurrera jotzen, hala nola, Alberto Bettiol (Astana), Diego Ulissi (Astana) eta Filippo Ganna (Ineos) italiarrak.
Ondoren, 13 txirrindularik osatutako talde bat ere izan da lasterketa buruan, baina inork ez du lortu tarte nahikorik zabaltzea, eta, horrenbestez, ihesean urrun heltzeko hasierako saiakera guztiak ezerezean gelditu dira.
Asko kostata, baina helmugarako 70 kilometro inguru falta zirenean sortu da eguneko ihesaldia. UAE taldeko Jhonatan Narvaez ekuadortarra eta Mikkel Berg danimarkarra jarri dira lasterketa buruan, Andreas Leknessund (Uno-X) norvegiarrarekin batera.
Atzetik, minutu eskasera, sailkapen nagusian urrun dauden 20 txirrindularik osatutako taldea joan da, tartean izan dira Igor Arrieta (UAE) nafarra eta Markel Beloki (EFE) arabarra. Tropel nagusiak, berriz, bidea egiten utzi die, eta bi minututik gorako atzerapena pilatu du helmugarako 40 kilometroren faltan.
Monterrubiano 4. mailako mendate laburrean gora, tarteko taldea hautsi egin da, txirrindulariak elkarri mokoka hasi dira, eta, ondorioz, lasterketa buruari tartea murriztu ezinik ibili dira.
Narvaez, Berg eta Leknessund, berriz, elkarlanean bikain aritu dira, eta atzekoak minutu batera mantentzeaz gain, tropel nagusiarekiko zuloa handitzea lortu dute (+3:30).
Areago, etapako 30 kilometroetan atzeko taldearekiko aldea ere ia bi minturaino handitu dute, eta ordurako nabarmena izan da garaipena aurreko hiru txirrindularien artean jokatuko zutela, ezbeharrik ezean behintzat.
Hiruretan indartsuena Narvaez izan da, eta bi baten kontra ari zirela jakitun, ekuadortarrak erasora jo du helmugarako 10 kilometroren faltan. Berg taldekidea berehala geratu da atzean; Leknessundek, ostera, ondo erantzun dio, eta aurrerago atzera egin badu ere, begi bistan izan du une oro Narvaez, 15 bat segundora.
Azken bost kilometroetan jazarpen proban aritu dira bi txirrindulariak. Alabaina, Narvaezek ondo eutsi dio abantailari, eta bakarka helmugaratu da Fermon, aldapa gora kokatutako helmugan. Horrenbestez, UAEko txirrindulari ekuadortarrak bigarren garaipena bereganatu du Italiako Giroan, laugarren etapan ere bera gailendu baitzen.
Leknessund norvegiarra izan da bigarrena (+32); eta haren taldekide eta herrikidea den Martin Tjotta, berriz, hirugarrena (+42). Berg danimarkarrari luze egin zaizkio azken kilometroak, ihesaldian dena eman ostean, eta 16. tokian bukatu du, garailearengandik minutu batera.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta, beraz, Alfonso Eulalio (Bahrain-Victorious) portugaldarrak beste egun batez jarraituko du Giroko liderraren maillot arrosa jantzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Longo Borghinik (UAE) 5 segundo kendu dizkio Anna van der Breggeni (SD Worx), horrek izan duen sustoa aprobetxatuta.
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon
Txirrindulari italiar batek azken 25 urteetan inoiz lortu ez duena erditsi du Balsamok. Bera baino lehen, Fabiana Luperinik (1996) eta Greta Zoccak (2001) bakarrik lortu zuten balentria.
Volleringek irabazi du Santo Stefano di Cadoren eta Van der Breggenek maglia arrosari eutsi dio
FDJ United-Suez taldeko herbeheretarrak esprintean gainditu ditu Van der Breggen herrikidea eta Niedermaier alemaniarra. Van der Breggenek minutu bateko aldea du Volleringekiko sailkapen nagusian, 01:24koa Niedermaierrekiko eta 02:01ekoa Holmgrenekiko.
Van der Breggenek Balsamoren diktadurarekin amaitu eta maglia arrosa jantzi du kronoigoeran
SD Worx-Protime taldeko herbeheretarrak irabazi du laugarren etapako erlojupekoa, 12,7 kilometroko igoera, Belluno eta Nevegal artean. Elisa Balsamo italiarrak, aldiz, ikaragarri sufritu eta bederatzi minutu baino gehiago galdu ditu helmugan.
Elisa Balsamo italiarrak, hirutik hiru Italiako Giroan
Lidl-Trek taldeko txirrindulariak irabazi du Giroko hirugarren etapa, beste egun batez azken esprinta irabazita. 156 kilometroko etapa Bibione eta Buja artean jokatu da.
Honela geratu da 2026ko Italiako Giroko podiuma
Jonas Vingegaard (Visma) izan da 2026ko Italiako Giroko irabazlea. Felix Gall (Decathlon) bigarren izan da eta Jai Hindlay (Red Bull) hirugarren. Bestalde, Afonso Eulaliok (Bahrain) gazte onenaren maillota irabazi du, Giulio Cicconek (Lidl-Trek) eskalatzaileena eta Paul Magnierrek (Soudal) puntuena.
Vismak xanpainarekin ospatu du Vingegaarden garaipena Giroan
Jonas Vingegaardek ziurtatuta zuen garaipena Italiako Giroko azken etapa jokatu aurretik. Gauzak horrela, bere taldeak lasai hartu du ibilbidea eta xanpainarekin ospatzeko aprobetxatu dute.
Vingegaard txirrindularitzaren olinpoan sartu da, Giroa irabazita; Milan nagusitu da azken etapan
Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari daniarrak irabazi du 2026ko Italiako Giroa, hiru astez erakutsitako nagusitasunari esker, batez ere mendiko etapetan ia erabakita utzita. Garaipen honekin, hiru itzuli handiak eskuratu ditu. Jonathan Milan italiarrak, bere aldetik, azken etapa irabazi du esprint ikusgarri batean.
Esprint estuan erabaki da Giroko azken etapako irabazlea
Tropela batera iritsi da Erromara Italiako Giroko azken etapan. Azken kilometroa geratzen zenean, mugimenduak hasi dira, eta etapako azken metroak esprint estu-estuan lehiatu dira. Lidl-Trek taldeko Jonathan Milan italiarra izan da azkarrena, Giovani Lonardi (Polti) bigarren izan da eta Paul Penhoet (Groupama) hirugarren.
Balsamok maglia arrosa sendotu du Caorlen irabazita
Laboral Kutxako txirrindularirik onena Alessia Zambelli italiarra da, sailkapen nagusiko hamargarren postuan geratu baita.