Ballerinik esprintean irabazi du Napolin, azken kilometroan eroriko bat saihestu ondoren
Astana taldeko italiarrak Jasper Stuyven belgikarra gainditu du azken metroetan, azken kilometroan gertatu den eroriko batetik onik atera ondoren. Eroriko horrek esprinta erabat baldintzatu du. Afonso Eulalio portugaldarrak maglia arrosari eutsi dio aparteko arazorik gabe.
Ballerini, Napoliko helmugan. Irudia: EITB
Davide Ballerini (XDS Astana) txirrindulari italiarrak irabazi du Italiako Giroko seigarren etapa, azken esprint gorabeheratsuan. Paestum eta Napoli artean jokatu da gaurko etapa, eta azken kilometroan aurkari asko kanporatu dituen erorikoa gertatu da.
Bigarren, Jasper Stuyven belgikarra helmugaratu da, eta hirugarren, Paul Magnier frantziarra, biak Soudal Quick-Step taldekoak. Afonso Eulalio portugaldarrak (Bahrain) maglia arrosari eutsi dio aparteko arazorik gabe, sailkapen nagusiko txirrindularientzat egun lasaia izan baita.
Bosgarren etapa kaotikoan, eguraldi kaskarrarekin, txirrindulariek egindako ahalegina eta ostiralerako aurreikusita dagoena kontuan hartuta, osteguneko etapa esprintean erabakiko zela gauza jakina zen.
Eguneko mendate bakarra Cava de' Tirreni zen, laugarren mailakoa (6,5 kilometro, % 3ra), etapa amaitzeko 100 kilometro falta zirenean.
Igoerara hurbiltzen ari zirela, hiru txirrindularik erasoa jo dute: Mattia Bais (Polti VisitMalta), Manuele Tarozzi eta Martin Marcellusi (Bardiani). Mendatearen aurretik tropeletik alde eginda zeuden bi iheslariak harrapatzeko gai izan dira, baina Planckaertek hori aprobetxatu du lasterketa-burua utzi eta tropelera itzultzeko. Aurreko laurak 37 kilometro falta zirenean harrapatu dituzte.
Tropela azken kilometrora bat eginda iritsi da. Azken tarte horretan harrizko errepidea eta aldapa txiki bat zituen zain. Taldea luzatu egin da, Unibet taldea buruan zela, harrizko galtzadan izandako eroriko batek lehen postuetan zihoazenak lurrera bota dituen arte. Horrek aukera eman dio Davide Balleriniri esprinta abiatu eta garaipena lortzeko.
Davide Ballerini, etapa garailea
Gaurko etapa irabaztea ez zegoen nire egitasmoetan
"Giroan etapa bat irabazteko zain nengoen, baina gaurkoa ez zegoen egitasmoetan. Taldearen alde ahalik eta gehien egiten saiatzen ari nintzen. Erorikoa ikusi dut, bihurgunetik irten naiz eta aurrerantz jarraitzeko esan didate. Helmugara arte tarte hori ireki dugu eta oso pozik nago", azaldu die Ballerinik antolakuntzako mikrofonoei.
31 urteko txirrindulari beteranoa pozik agertu da itzuli handi batean lortutako lehen garaipenagatik: "Oso garrantzitsua da, lan gehiegi egiten dugulako honetarako, eta beti sortzen da arazoren bat txirrindularitzan. Espero ez duzunean, garaipena dator".
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon