2026ko Italiako Giroko 9. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Cervia-Corno alle Scale (184 km)
Etapa lehen mailako mendate batean amaituko da, hain zuzen ere Corno alle Scalen; hori 10,8 kilometroko igoera da, batez beste % 6,1eko malda du, eta % 15eko maldaren bat ere badu. Hurrengo egunean, txirrindulariek atsedena dute, bigarrenez 109. Giroan, eta amaiera horrek sailkapen nagusiko lehian dabiltzan gizonei ere ematen die aukera borroka egiteko.
Irudia: EITB.
2026ko Italiako Giroko bederatzigarren etapa maiatzaren 17an jokatuko dute, igandez. 184 kilometroko jardunaldia izango da; txirrindulariak Cerviatik irtengo dira, 12:35ean, eta Corno alle Scale lehenengo mailako mendatean amaitu, 17:00etatik 17:27ra bitartean. Lasterketak, biharamunean, atseden eguna izango du, bigarrenez aurtengo ekitaldian; izan ere, maiatzaren 18an, aurreko astelehenean ere gertatu zenez, ez da etaparik izango.
Bederatzigarren honetan, ziklistek bi mendate puntuagarri igo beharko dituzte. Lehena, Querciola, hirugarren mailakoa, 167,4. kilometroan utziko dute atzean. Benetan erabakigarria izan liteke, ordea, bigarrena, Corno alle Scale, alegia, etapa amaituko den mendatea; hori lehen mailako igoera da, 10,8 kilometro ditu, batez besteko malda % 6,1ekoa du, eta maldaren bat % 15ekoa ere bada. Giroa 2004an izan zen azkenekoz mendate horretan, eta txirrindulari handi batek eskuratu zuen garaipena: Gilberto Simonik. Italiarrak bi aldiz irabazi zuen Italiako Giroko sailkapen nagusia, 2001ean eta 2003an.
Askotan ikusi dugu nola lasterketak, hiru asteko itzulietan, hurrengo egunean atsedena dagoenean, kontrolatzeko oso zailak diren; ematen du txirrindulariek nahi izaten dutela egin biharamunean ezingo duten hori. Bada, kontuan izanik, gainera, profila nolakoa den, baliteke egun horretan lehia bizia izatea sailkapen nagusiko borrokan dabiltzan ziklisten artean.
Fitxa teknikoa:
Etapa: 9. etapa (maiatzak 17, igandea)
Ibilbidea: Cervia – Corno Alle Scale
Distantzia: 184 km
Hasiera-ordua: 12:50
Amaiera-ordua: 17:27 (40 km/h) | 17:13 (42 km/h) | 17:00 (44 km/h)
Mendiko saria: Querciola (3. maila), 167,4. kilometroan; Corno Alle Scale (1. maila), 184. kilometroan
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon